Protestak protesta, gauerdiaz geroztik bidesaria ordaintzen dute N-1ean Etzegarate, Andoain eta Irun parean jarritako arkuen azpitik igarotzen diren kamioiek. Goizean Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emandako datuen arabera, goizeko lehen ordurako 5.000 ibilgailu astun pasatxok zuten pagatua ordainsaria.
Sistema berria izanik, ordea, zalantzak argitu nahi izan dituzte arduradunek, eta zehaztu dute bidesariak ordaintzeko zenbait gailu elektronikok arkuen azpitik igarotzean soinua egin arren 3.500 kilotik gorako kamioiek soilik pagatzen dutela.
Bide batez, iragarri dute sistemari esker gipuzkoarrek hiru milioi euro gehiago izango dituztela gasturako; N-1eko mantentze lanen kopurua da hori, kamioilariek ordainduko dutena. Horrez gain, beste hamar milioi euroko ekarpena egingo dute kamioilariek, 1.500 kamioi inguru N-1etik AP-1era aldatuko direlako. Gehienak atzerritarrak izango dira.
Asteburuko elurtea
Larunbateko elurteak eragindako kritika zaparradari erantzuteko asmoz, Olanok adierazi du neurri handi batean kamioilarien errua izan zela horrenbeste lagun errepideak harrapatuta geratu izana. "Kamioiek debekatua dute beste ibilgailuak aurreratzea alerta naranja dagoenean, eta larunbatean hala zegoen. Ordea, batzuek ez zuten kasurik egin, eta guraizearena egin zuten".
Hala, kamioi batek guraizearena egiten duenean auto ilarak nekez saihestu daitezkeela dio Olanok, N-1 eta A-15ean izan ziren bezala. Dena den, prebentzio sistema eta erakundeen arteko "koordinazioa" zorroztu behar direla ere adierazi du.