Correscales

Gaur abiatuko da Correscales, prekario izaera aldarrikatzeko

Bilbotik Bartzelonaraino abiatuko da prekaritatearen kontrako korrikaldia. BERRIAk bi antolatzaileen azalpenak jaso ditu bideo batean (Lara Madinabeitia, BerriaTB).   [youtube]https://youtu.be/jLsnJTyF4-c[/youtube]

Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko otsailaren 18a
19:37
Entzun

Prekaritatea aldarrikatu beharra daukagu». Lan baldintza prekarioak salatzea gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den honetan, egoera hori aldarrikatzeko deia egiten du Alberto Diez Movistarreko langileak: «Baina ez desiragarria balitz bezala, baizik gainditu beharreko errealitate gisa». Ondo daki zer den egoera prekario bati aurre egitea, joan den urtean Movistarreko azpikontratek egin zuten hiru hilabeteko greban parte hartu baitzuen, baina oraindik «prekaritateak bere hartan jarraitzen du». Eta ez telekomunikazioen sektorean bakarrik: gizartearen esparru guztietara zabaldu den fenomeno bat dela dio. Horregatik, prekaritateari aurre egiteko mobilizazio erraldoi bat antolatzen aritu da beste hainbat gizarte mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoren babesarekin. Bilbo eta Bartzelona artean prekaritatearen aurkako korrikaldia egingo dute: Correscales. Gaur abiatuko da, 18:30ean, Bilboko Buenos Aires kalean dagoen Movistar denda paretik, eta astelehenean iritsiko da Bartzelonara, Mobile World Congressen hasiera ekitaldirako.

Hain zuzen ere, abiapuntua hor dauka Correscales ekinaldiak, iaz Movistarreko azpikontratek hasi zuten lan gatazkan. Marea urdina ere deitu zitzaion horretan. Hortik abiatuta, borroka esparru gehiagotara zabaldu nahi dute, Movistarreko lan gatazkak irakasgai asko ekarri zituelako, Ernest Gutierrez egitasmoaren koordinatzailearen arabera. «Enpresa handi eta zerbitzu publikoek azpikontratatutako enpresen amaraun handi bat sortu dute azken 30 urte hauetan, lan bera egitearen truke baldintza ezberdinak eskainiz». Zatiketa horren helburua, gainera, «errealitate sozialen eta langileen arteko batasuna apurtzea da». Eta Movistarreko azpikontratek bideratu zuten gatazkak bestelako lekukotasuna uzten du. Telefonicak azpikontratatutako teknikarien lan baldintzetan murrizketak egitea hitzartu zuenean, beharginek bat egin zuten. «Jaiegunik ez, 14 orduko lanegunak eta miseriazko soldatak hitzartu zituen», oroitzen du Diezek. «Neurri gogorrak izan ziren, baina denok batzeko balio izan zuen». Eta hasieran zaila zirudiena lortu zuten: azpikontratek bat egitea.

Hori bakarrik ez: grebak iraun zuen denbora horretan, Movistarreko langileek hartu-eman estua izan zuten bestelako mugimendu sozial eta gatazkekin. «Asko lagundu gintuzten», eta, orain, prekaritatearen aurkako korrikaldi honetan, indar horien metaketa lortu nahi dute berriz ere. «Hala ere, mugimendu sozial eta sindikatuei buruz hitz egiten dugunean, zatikatuta dauden errealitateez hitz egiten ari garela dirudi, baina ez da horrela. Bizirik irauteko baldintza material nahikorik ez dagoela salatzen ari gara, eta hor bat egiten dugu», azaldu du Gutierrezek. Ez du aliantzei buruz hitz egin nahi, denei eragiten dien errealitate batean bat egiteari buruz baizik. «Correscalesen egoera hori irudikatzen ari gara».

Igor Mera ESK-ko kide eta Correscalesen bultzatzaileetako batek ere bat egin du Gutierrezen ikuspegiarekin. Movistarreko greba hura kanpotik ikusi zuen, baina, hala ere, «laborategi bat» izan zela uste du. «Sindikalismoaren oinarria langile prekario eta finkoen artean aliantzak sortzea da, jende ezberdinaren arteko konfiantza lortzea». Eta grebarekin antzeko zerbait gertatu zen, baina baita beste fenomeno bat ere: «Langileek sindikatuetara jo zutenean, baldintza bakarra eskatu ziguten: siglak alde batera uzteko, euren borroka zelako, eta ez sindikatuek onurak ateratzeko gatazka». Hori onartu zitzaien, eta sindikatu eta eragile sozialek babesa eskaini zieten. «Hortik abiatuta, bidea dugu egiteko».

Baina Correscales ekinaldiarekin pauso bat haratago eman nahi da. «Logika horrekin aurrera jarraitu nahi da, eta Euskal Herrian, lehenengo aldiz, borrokan oinarritzen diren sei sindikatuak eragile sozialekin batera lanean ari dira», Meraren arabera. Gehiengo sindikalak mugimendu sozialekin egin izan dituen lan ildoak ez ditu ahaztu, baina «horietako batzuk aldentzen» ari zirela nabarmendu du. «Eragile batzuk ez zetozen bat sindikatu batzuen siglekin, eta egitasmo honek balio izan du berriz ere bat egiteko gizarte justuago bat lortzeko bidean». Sindikatu eta eragile sozialen arteko harremanak hobetzeaz gain, alderdi politikoen babesa ere jaso du ekinaldiak; besteak beste, EH Bildu eta Ahal Dugu-renak. «Horretara ez gaude oso ohituta, baina jakin izan dute alderdien arteko lehiei aurre egin, eta prekaritatearen aurkako borrokan bat egiten».Hobetzeko hainbeste egonda, «eragile guztiak ezinbestekoak» baitira.

Bide horretan, badaki sindikatu, eragile sozial eta alderdiek euren estrategiak eta barne antolaketak dauzkatela, baina, elkarren errespetua eta elkar ulertzea sustatuz gero, uste du badagoela bidea siglak alde batera utzi eta elkarlanean aritzeko.

Korrika eredu gisa hartuta

Baina nondik dator prekaritatearen aurka borrokatzeko korrikaldiaren ideia? Movistarreko beharginek abiatu zuten greba mugagabeak 75 egun iraun zuen, eta egoerari aurre egin ahal izateko erresistentzia kutxa bat sortu zuten. «Eragile sozial baten bidez banku kooperatibo batera joan ginen, eta horri esker lortu genuen langileek borroka horri eutsi ahal izateko finantzaketa», gogoratu du Diezek. Sindikatu eta enpresek akordioa sinatu zutenean, Bizkai eta Gipuzkoan beregain aritzen ziren langile denek azpikontratetara joan ahal izateko aukera izan zuten. Katalunian, halere, egoerak bere hartan dirau, «zerbait hobera egin duen arren». Borrokan jarraitzeko beharra ikusten du horregatik Diezek, baina, oraindik, iazko grebari aurre egin ahal izateko eskatu zuten dirua itzuli behar dute. «Egoera horretan gaudela, nola joango naiz ni nire lankideengana borrokan jarraitu behar dugula esanez, horietako asko ekonomikoki estu egonda?». Galdera horiek zeuzkan buruan, Urepeldik (Nafarroa Beherea) Korrika abiatu zela ikusi zuen arte. «Orduan pentsatu nuen gure borroka bideratzeko modu on bat izan zitekeela Korrikaren antzeko ekinaldi bat antolatzea». Movistarreko protesta eskaileren greba ere deitu izan zen, eta hortik dator izena ere, eskaileren korrika kataluineraz.

Berehala hasi ziren egitasmoa diseinatzen. Lehenengo, ibilbidea. Madril eta Bartzelona arteko korrikaldia izan behar zuena Bilbotik abiatzea programatu zuten azkenean. «Madril hiri zaila da halako zerbait antolatzeko, eta zalantzan geunden, Bizkaiko azpikontraten batzordeak euren elkarlana proposatu ziguten arte». Eragile ugariren babesa jaso, eta ibilbidea luzatzen hasi zen. «Behin Euskal Herrira etorrita, Donostiatik ere igaro behar zuela esaten ziguten, ondoren Iruñetik, eta azkenean dena luzatu zaigu», dio. Azkenean, txandaka egingo duten 800 kilometroko ibilbidea izango dute korrikalariek.

Eragileen babesa eta atxikimendua lortzea, ordea, ez da sinbolikoa izan bakarrik. Horietako bakoitzak bere ekarpen ekonomikoa egin baitu. Interneten dirua batzeko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute, eta dagoeneko 526 eragile eta norbanakok egin dute ekarpena. 150.000 euro bildu nahi dituzte, eta diru hori helburu ezberdinetarako baliatuko dute. Batetik, 74.000 euro behar dituzte grebari aurre egiteko erabili zuten kreditua itzultzeko; 11.000 euro prekarizazioari buruzko dokumental bat ekoizteko; eta 40.000 euro greba mugagabeei eta larrialdi ekonomikoei aurre egiteko kutxa solidario bat sortzeko. «Babesik ezak eta larrialdi ekonomikoek beste edozein lan gatazkatako negoziazioetan eragina ez izateko eta borroka eskubidea bermatzeko sortuko dugu kutxa», Gutierrezen arabera. Haren esanetan, erresistentzia kutxak berreskuratu beharreko elementuak dira, eta «zenbait lekutan halako kutxak sortzen badira, hobeto».

Asmo horrekin abiatutako sistemaren bidez, finantzaketa kolektiboko seigarren kanpainan murgilduta dago Correscales; atzo iluntzean 119.800 euro zeuzkaten bilduta, eta oraindik 28 egun falta dira ekarpena egiteko. «Espainiako Estatuan egin diren kanpainen artean arrakastatsuena da». Elkartu diren eragile sozial, sindikal eta alderdi politiko eta norbanakoen ekarpenei esker lortu dute Bilbo eta Bartzelona arteko ibilbidea errealitate bihurtzea, eta prekaritatearen aurkako borrokak beste pauso bat ematea. Ekonomikoa eta ideologikoa. «Bidean denak direlako garrantzitsuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.