Espainiako Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte hartu duten sindikatuek ez dakite zertara datorren atzerapena. Gutxieneko soldataren inguruan eragile sozialen posizioa argi geratu da bi saioren ondoren, eta CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok ez du ikusten arrazoirik igoera atzeratzeko. CEOE patronalak garbi utzi du ez duela asmorik akordio batean parte hartzeko, aurreko itunetan egoteak kostu politiko bat izan duelako patronalarentzat, eskuinaren eta eskuin muturraren haserre bizia dela eta. Bada, «hurrengo ministro kontseilurako» nahi dute sindikatuek hogei euro inguruko igoera izango dena, «ez bada gaurko, biharko», Sordoren hitzetan.
Izan ere, Espainiako presidente Pedro Sanchezek «berehala» egingo zutela iragarri zuen aurreko astean, hain justu Unidas Podemoseko ministro izarrak eragile sozialen mahaiari ekin eta berehala. Yolanda Diaz Lan ministroak saio hori eta astelehen honetako bigarrena zuzendu ditu sindikatuen eta patronalaren parte hartzearekin, eta hamabi eta hemeretzi euro arteko igoera eskaini du. Bigarren saioren bezperan ere PSOEk bere oharra utzi zuen, ordea: Ekonomia ministro Nadia Calviñok aurreratu zuen hamabost eurokoa izango zela igoera, eta urrirako jarriko zutela indarrean. Mahaia, ordea, akordiorik gabe itxi da, eta sindikatuak urdurik jartzen hasi dira.
Irailerako nahi dute
Soldata apalena duten 64.000 langile inguru daude Hego Euskal Herrian, eta segurua da hogei euro inguruko igoera izango dutela; eztabaida noizko izango duten, hor kokatu da orain. Sindikatuek iraileko soldatan aplikatzea nahi dute, eta horregatik ari dira estu hartzen Lan Ministerioa datorren asteko ministro kontseiluan onar dadin. Itxura batean mahai ofizialetik kanpoko negoziazioek emaitza eman dute, eta CCOOk eta UGTk ez dute nahi CEOE patronalak egin lezakeenak hori guztia atzeratzea. Egia da Antonio Garamendi presidenteak aipatu zuela sektoreka eta lurraldeka igotzeko aukera, baina exekutiboak baztertu egin zuen hori.
Igoera eginda ere, Espaniako lanbide arteko gutxieneko soldata ez da Hego Euskal Herriko batez besteko soldataren erdia ere iritsiko. Espainiako Gobernuaren aditu talde batek batez bestekoaren %60ra hurbildu beharko lukeela gomendatu du, eta helburu horrekin ari da lanean Lan Ministerioa. Zenbait erkidegotan, batez bestekoaren hiru herenera iritsiko litzateke gutxieneko soldata, igoera egin ondoren, esaterako Extremaduran. Hego Euskal Herrian, berriz, gutxieneko soldata horren erosteko ahalmenak penagarria izaten jarraituko du, baita igoera eginda ere.
Baliteke Espainiako Gobernua %60ko helburu horretatik hurbil gelditzea legegintzaldia amaitu aurretik, baina Hego Euskal Herriko lan merkatuari dagokionez, oso urrun geratuko da. Hain urrun, ezen aurtengo igoera egin arren gutxieneko soldata 1.166 eurora ere ez baita iritsiko, hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldataren erdira. Nafarroako batez bestekoaren erdia ere (1.108 euro) Espainiako gutxienekoa baino dezente gehiago izango da.
Azken akordioa
Gainera, ezin da ahaztu inflazioak hartu duen gorako bidea. Madril %1,6ko igoera proposatzen ari da gutxieneko soldatarentzat, eta ez da zaila Espainiako eta Hego Euskal Herriko KPIak %3tik gorakoak izango direla aurreikustea; beraz, gutxieneko soldataren igoerak ez luke estaliko inflazioa. Espainiako sindikatuak, ordea, prest daude igoera handienak 2022. eta 2023. urteetarako uzteko.
2020. urteko hasieran iritsi zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 eurora arte; hamalau ordainketa dira urtean: 13.300 euro urtean. Madrilek 2018an igo zuen aurretik gutxieneko soldata; orduan ere, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—.