MME-REN CANCUNGO GOI BILERA

Gaur hasi eta igandera bitartean Munduko Merkataritza Erakundeak Goi bilera egingo du Cancunen

Gaur hasi eta igandera bitartean, Munduko Merkataritza Erakundeko 146 estatu kideek Cancunen —Mexiko— dute geltokia. Bildutako ordezkariek merkatuak zabaltzeko ahalegina egingo dute, "pobrezia arintzeko". MME-ren asmoak salatu eta globalizazioak eragiten dituen ondorio lazgarrien aurka protesta egiteko mundu osotik etorritako milaka lagun bildu dira Cancunen.

2003ko irailaren 10a
15:48
Entzun
Munduan eragin handia duten gai ugari egongo dira jokoan datozen lau egunetan. Adituek azpimarratu dutenez nekazaritzak izango du akordioaren giltza, negoziatzaile guztien lehentasuna baita. 2001eko azaroan Dohanen abiatutako prozesuak bide erdia egin duenean, MME bidegurutzera heldu da. Hori dela eta, MMEk Cancunen batera edo bestera norabide bat hartu beharko du. Nekazaritzaz gain, zerbitzuak eta mugasariak eztabaida ugari piztuko dituzte Cancunen bildutako estatu kideen artean.

Goi bileraren aurka elkarretaratzeak Euskal Herrian

Euskal Herrian ere MMEren aurkako mobilizazioetara deitu dute dozenako eragilek. Hala, bihar elkarretaratzeak burutuko dira Euskal Herriko hiriburuetan Mundua ez dago salgai, ez gara salgaiak lelopean. Bilbon eta Iruñean hitzaldiak emango dituzte arratsaldeko seietan, eta manifestazioak egingo zortziretan. Baionan, Gasteizen eta Donostian, berriz, elkarretaratzeak antolatu dituzte zazpiretan. Antolatzaileek adierazi dutenez, protesten helburua "globalizazio eredu basatia" gaitzestea izango da.

Informazio gehiago honako loturetan:

MMEren Mexikoko adarraren orria

Hedabide independenteen gunea

Ekitaldi alternatiboak

Informazio alternatiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.