Gaur hasiko da greba orokorra

Ivan Santamaria.
2009ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Sindikatu abertzaleek gizartearen parte esanguratsu bat mobilizatzeko gai direla erakutsi zuten atzo Hego Euskal Herrian. Jarraipenari buruzko ezadostasunak ala arrakastatsua edo porrota izan den dioten iritziak hor geratuko dira, ohi bezala. Baina, hortik haratago, greba orokorrak utzitako argazkia enfokatzea komeni da.

Lehenik eta behin, greba egiteak berak duen esanahia aintzat hartu behar da. Azken finean, lana edo ikasketak alde batera utzi eta protesta kolektibo batean parte hartzeko erabakia norberak hartu beharrekoa da, eta, trabak traba, milaka pertsona kalera atera izanari behar duen garrantzia aitortu behar zaio. Kaleratze arrisku bizia dago, eta arrazoi ideologikoengatik aukeratua izateko beldurra ere hor dago, Nafarroako Koxka lantegian gertatu dena gogoratu bestela.

Ez dela orokorra izan errepikatuko dute behin eta berriro grebaren aurka zeudenak. Idatzitako gidoia da, eta arrazoiaren parte bat eman behar zaie, gutxienez. Batasun sindikalaren faltak protesta are handiago bat egitea ezinezko bihurtu du. Euskal Herria osorik gelditzea helburua bazen, bistan da zonalde edo sektore batzuetan ez dela oihartzun handirik lortu. Deialdiaren mezua ondo komunikatu den edo une egokia zen hausnartu beharko dute antolatzaileek, halaber. Baina horrek alferrikakoa bihurtzen du deialdia? Ez du ezertarako balio izan?

Finantza krisia abiatu zenean, langileek eta soldatek ez zutela horren errurik behin eta berriro adierazi zuten gobernu eta aditu gehienek. Batzuek mea culpa esan, eta eredu ekonomikoa moldatu behar zela onartu zuten. Bada, krisia hedatu eta sektore produktiboetara heldu den neurrian, aldaketa ezinbestekotzat jotzen zuten ahots asko itzali dira. Langileak hasi dira orain krisiaren faserik krudelena pairatzen, eta dramak biderkatu dira. Kontratua berritu ez zaion eta kalean geratu den behargina, erregulazio gogorra onartu duten enpresak, besterik gabe ixteko bidean dauden lantegiak, eta beste hainbeste. Orain arte pertsona bakoitzak eta bere ingurune gertukoak soilik bizi izan duten arazoak dira. Atzoko greba, besterik gabe, egoera horiek ikusarazteko bozgorailua izan bada, eta okerren daudenei indarrak emateko balio izan badu, ez da oharkabean pasako.

Greba babestu ez duten sindikatuek - UGT eta CCOO - eta Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritza berriak gizarte elkarrizketa bidea dela diote. Langilea arazo guztietatik libratuko duen botika izango da elkarrizketa hori. Denborak esango du egia den edo ez, baina orain arte eredu horrek Espainian eman dituen emaitzak ikustea baino ez dago. Azken hamarkadan hazkunde ekonomikoa pilatu da eta enpresen etekinak biderkatu dira. Tarte horretan, nolako abantailak edo hobekuntzak egon dira langileen baldintza oinarrizkoetan? Ongi etorriak prekarietatearen erreinura: mila euroko soldatak edo txikiagoak eta gizartearen ia heren bat aldi baterako kontratuekin. Kaleratzea librea da, legeak ezarritako dirua ordainduz gero, eta erregulazioen bidez lana malgutzeko aukerak handiak dira. Bitartean, langileen prestakuntzan edo enpresa lehiakorragoak ezartzerako tenorean ezer gutxi aurreratu da.

CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok esan du sindikatu abertzaleen deialdiak lanuzte masibo baterako aukerak zapuztu dituela, aurrera begira lan erreforma bat onartuz gero. Sindikalgintza ulertzeko modu bitxia da. Alegia, gaur egun lan baldintzak onargarriak direla onartzen du, era inplizituan, jarrera horrek, eta soilik txarrerako moldaketa bat balego erantzun beharko litzateke.

Boxeolari batentzat ez da nahikoa aurkariaren kolpeak gelditzea; borrokaldia irabazi nahi badu, erasotu beharko du. Baina sindikalgintzaren parte batek - hemen eta Europa osoan -aspaldi zokoratu zuen langileentzat eskubide gehiago lortzeko ofentsibara jo behar deneko ideia. Hurrengo erreformaren esperoan, Europako Batasuneko langabezia tasarik handiena du dagoeneko Espainiak. Horra hor gizarte elkarrizketaren ereduak baimendu duen sistema.

Eskubideen atzeraldian bada salbuespen bat. Duela hamar urte 35 orduko lan astearen aldeko greba bultzatu zuten sindikatu guztiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta abertzaleek Nafarroan. Hamarkada baten buruan helburu orokorra ez da gauzatu, baina lanuztearen ondotik makina bat sektore eta enpresetan lanaldia murriztea lortu zen. 1999ko greba orokor horren emaitza onari, akaso, ez zitzaion etekin guztia atera, baina mugimendu esanguratsu bat aktibatzeko balio izan zuen.

Horregatik ez da hain garrantzitsuena atzoko lanuztearen emaitza. Asteon jakin dugu Euskal Herriko ekonomia atzeraldi sakon batean sartu dela. Etorriko dira erreformak, etorriko dira enpresen itxierak, etorriko dira kaleratzeak, eta horiei aurre egiteko aliantza sindikal zabal, eraginkor eta aldarrikatzaileak eraiki beharko dira. Greba orokorra, hortaz, gaur hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.