EGURALDIA. UHOLDEAK EUSKAL HERRIAN

Gaur hasiko dira laboreen galerak zenbatzen

Egoera aztertzeko nekazariekin biltzekoak dira EHNE eta UAGN sindikatuetako ordezkariak

IRENE ARRIZURIETA - IVAN SANTAMARIA
2004ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Uholdeek Erriberako baratzetan eragindako galerak aztertzen gaur hasiko dira nekazariak, sindikatuak eta kooperatibak. Atzo lur sailak urak tapatuta zeudenez, ezinezkoa izan zen kalteak zenbatzea. EHNE sindikatuko ordezkariak urak hartutako herrietara joanen dira nekazariekin hitz egitera. UAGNk berriz,bilera egingo du laborariekin Tuterako Bardeetako Batzar Etxean, 12:00etan.

Herri kaltetuenak Behe Erriberakoak izan ziren: Ablitas, Fustiñana, Cabanillas, Tutera, Ribaforada, Buñuel, Cortes eta Argedas, hain zuzen ere. Uholdeak laboreetan ez ezik, nekazaritza azpiegituretan ere kalte handiak eragin zituen. Laboreei dagokionez, tomateaz gain, neguko landaketak erabat estali zituen urak: brokolia, orburua eta azalorea, zehatzago esanda. Orain, eguraldiaren arabera, gehiago edo gutxiago gal daitezke. «Industriarako tomatea biltzen ari ginen. Bero handia egiten badu landarea egosi eginen da, eta tomate uzta osoa usteldu. Eguraldia fresko mantentzen bada galera ez da hain handia izanen», azaldu zion Berriari Ignacio Gil Fustiñanako nekazariak eta EHNE sindikatuko ordezkariak. Neguko laboreetan orburua erabat galdu izanen dela iragarri zuen Gilek hezetasun gehiegik hil egiten duelako. Beste laboreekin zer gertatu den gaurtik aurrera ikusiko dute. Dena dela, frutaren kalitatean eta itxuran galerak egonen direla azpimarratu zuen. Galera handirik izan ez duen labore bakarra artoa izan da. Arto-alea ondua dagoenez, ur gehiegik ezdio eragiten. EHNEko ordezkariak kooperatibekin eta nekazariekin hitz egiten hasiko dira gaur galerak zenbatzeko. Datu bilketa egindakoan Nafarroako Gobernuarekin bilduko dira. Aurreko uholdeetan bezala ez jokatzeko eskatu dio Administrazioari Gilek. Orduan azpiegiturentzat laguntzak eman zituen baina ez laboreentzat.

Labore batzuen uzta atzeratuko da Araban

Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Batasunak, UAGAk, eurijasari buruzko lehenbiziko datuak eskaini zituen atzo. Oro har, herrialdean 20 eta 30 litro ur erori ziren metro koadro bakoitzeko. Felix Ajuria UAGAko ordezkariak kezkatuta hitz egin zuen: «Patataren edo artoaren uzta bilketa atzeratu behar izatea da kezkagarriena». Erremolatxari, berriz, euriak on egin diezaiokeela uste dute.

Arabako Errioxan ere kezkatuta daude, eta hurrengo egunetarako iragarpenak ez dira onak: bero sapa eta eurijasak. Euri gehiago eginez gero, mahatsaren osasunak arazoak izan ditzake, eta botrytis gaitza agertzeko arriskua dago mahastietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.