Gaurko eta biharko, Bizkaiko merkataritzako 15.000 langile grebara deituta daude

Beste lan hitzarmen bat eskatu, eta patronalaren negoziatzeko borondate falta salatu nahi dute beharginek

Miren Garate.
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Mugimendu handiko sasoia izan ohi dira Eguberriak merkataritzan. Egun horiek baliatu nahi izan dituzte sektoreko Bizkaiko langileek protestarako. Greba egingo dute gaur eta bihar beste lan hitzarmen bat eskatu eta patronalak negoziatzeko borondaterik ez duela salatzeko. ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk antolatu dute —lau sindikatuek %100eko ordezkaritza dute negoziazio mahaian—. Guztira, merkataritza arloko 15.000 langile daude herrialdean. Akordiorik ezean, urtarrilaren 7an ere egingo dutela greba iragarri dute, beherapenetako lehen egunean hain zuzen ere.

Elikadura, ehungintza, metal, larru, oinetako eta altzari dendetako langileak daude deituta grebara. Bershka, Massimo Dutti, H&M, Pull&Bear, Springfield, Women's Secret, Zara, Zara Home, Oysho, Sabeco, Lidl, Marionnaud eta beste hainbat dendetako langileek iragarri dute protestarekin bat egiteko asmoa. Saltoki handiei ez die eragingo gaurko eta biharko deialdiak, haiek lan hitzarmen propioa dutelako.

Komertzioari ez diotela minik egin nahi azaldu dute langileen ordezkariek, alabaina, «beste erremediorik» ez dutela uste dute. Bizpahiru urte daramatzate lan hitzarmen berririk gabe, eta adierazi dute oraingoan ere enpresaburuen aldetik ez dutela eskaintza handirik jaso. %0,4ko soldata-igoera proposamena egin du patronalak, hilean lau euro ingurukoa, hain zuzen.

«Arrazoizko proposamenak» egonez gero negoziazio mahaian eseriko direla adierazi dute behin eta berriz sindikatuek, baita greba bertan behera uzteko prest daudela ere. Aukera hori gero eta zailago dagoela esan zuten atzo, lehen orduan ez zelako harremanik egon bi aldeen artean.

Jarrera «burugabea»

Sindikatuen jarrera «burugabea» iruditu zaio Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioari. «Ez dute kontuan hartu Gabonetako kanpaina hil edo bizikoa dela hainbat saltokirentzat aurre egiteko». Grebarekin min handia egin nahi dutela gaitzetsi du patronalak: «Arduraren eta zentzuaren muga guztiak gainditu nahi dituzte». Saltokiak normaltasunez irekiko dituztela azaldu du Cecobik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.