GAURKOA. Duintasuna jokoan

Pentsionistak Martxan plataformak elkarretaratzeak antolatu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, erretirodunen bizi baldintza duinen alde eta pentsioen erreformaren aurka.

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Miserian. Hala bizi dira milaka eta milaka erretirodun Euskal Herrian, eta, Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak direla medio, okerrera joango dela salatu zuten ehunka lagunek atzo. Pentsioen erreformaren aurkako protesta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara eraman zuen Pentsionistak Martxan plataformak, azken hilabeteetako kanpainarekin jarraitzeko. Sindikatuek, Madrilen nagusi direnek, behintzat, erretirodunen defentsan «ezer gutxi» egiten dutela uste du Mikel Argiñarenak, «gobernuaren filosofia erabat onartu dutelako». Onartu dituzten murrizketak eta laster aurkeztuko duten pentsioen erreforma aspalditik prestatzen ari dira, plataformako kidearen arabera; «urteak dira hau planifikatzen ari zirela, eta orain krisialdiaren aitzakia ederki etorri zaie dirurik ez dagoela esan eta pentsiodunen bizi kalitatea izugarri jaisteko».

Bilboko martxan, 150 lagun inguruk egin zuten bat deialdiarekin; «nahiko gutxi», antolatzaileen ustez, kontuan izanda «erreformaren ondorioak orain lanean daudenek are gehiago pairatuko dituztela». Patricia Alvarezek gogorarazi du pentsiodun, elkarte eta herritar guztiei «erabat zabalik» dagoela plataforma. Adinekoen artean gizon baino emakume gehiago egonda ere, atzoko elkarretaratzean gizonak gehiago ziren. Edadeko emakume ugariren egoerak berak galarazten die protestetan parte hartzea: «Etxeko gaixoak eta zaharrenak zaindu behar dituzte, eta, oro har, kostatzen zaie beren eskubideen alde kalera ateratzea, ez baitute horretarako ohiturarik. Pentsiodun gazteetan ari da aldatzen hori». Edonola ere, emakumeei egingo die kalte batez ere pentsioak murrizteak, «pentsiorik txikienak dituztelako alargunek, pentsio ez kontributiboak dituztenek eta etxeko lanean aritutakoek».

Datorren urtean pentsioak izoztuko dituztela esan arren, «ezkutuko murrizketa» bat dela salatu du plataformak behin eta berriro. Jasotzen duten diru kopuruak bere horretan jarraituko du, eta erosteko ahalmenaren %10 galdu egingo dutela diote, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta BEZa igo dituztelako. Argiñarenaren ustez, «onartezina» da hori, erretirodunen gastu handienak oinarrizkoak direlako: «Gure artean gutxik dute luxuetarako aukera; janaria eta arropa erosteko baliatzen dugu pentsioa gehienok». Protesta gehiago egingo dituztela esan du plataformako kideak, pentsiodunen; «bizi duintasuna jokoan» baitago, hain zuzen ere.

Hegoaldeko erretirodunen «errealitate penagarria» salatu nahi izan zuten atzo, Alvarezek gogorarazi duenez, Hego Euskal Herriko pentsiodunen ia erdia -300.000 inguru- pobre bizi delako. Asko daude, gainera, gabeziak dituzten etxebizitzetan, «irisgarritasun arazoak dituztenetan edota berokuntza sistemarik gabekoetan». Emakumeak bizi dira baldintzarik txarrenetan, eta, halako egoerei aurre egiteko, «gizarte zerbitzu gero eta eskasagoak» daude. Etorkizun are «beltzagoa» espero du Argiñarenak. Haren ustez, AEBetako «kapitalismo bortitzaren eredua» ezarri nahi dute: «Bakarrik eman nahi digute gosez ez hiltzeko beste; handik gorako bizi kalitatea nahi duenak aseguru pribatua egin behako du».

Gutxienez, 1.020 euro

Pobre bizi diren pentsiodunei«bizimodu duina» bermatzeko, 1.020 euroko gutxieneko pentsioa exigitzen du plataformak. Bestelako aldarrikapenak ere eraman zituzten Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzara eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara: «Zerga politika progresiboa eta justua eskatzen diegu, pentsioak eta zerbitzu publikoak finantzatzeko gai izango dena». Horren harira,ziurtatu dutepentsio duinak ordaindu daitezkeela Hegoaldean iruzur fiskalarekin bil daitekeen diruarekin. Bestalde, Zapatero presidenteari oroitarazi diote alargunen pentsioak %70era igokozituela agindu zuela eta oraindik ere %52an daudela.



Pentsioen argazkia

970 euro. EAEko erretirodunen batez besteko pentsioa.

Larri. Ipar Hegoaren arabera, 94.700 pentsiodun larri bizi diraEuskal Herrian.

Pobrezian. Elkartzenek dio 322.900 pentsiodun pobre daudela.

%130. Euskal Herriak Europako zahartze tasarik handiena dauka, %130ekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.