Aurten hasi eta 2020. urtera bitartean Idiazabalgo gaztaren ekoizpena %20 handitzea, jarduera horren inguruko enplegua %15 igotzea eta gaztaren beraren kontsumoa areagotzea lortu nahi dute. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Idiazabalgo gaztaren jatorri izenak elkarlanean adostu duten plan estrategikoaren helburu nagusiak.
2010az geroztik sektorearen jarduera beherantz joan da, eta joera hori aldatzeko egin dute plan estrategikoa. "Bertako produktuei eta kalitateko produktuei lotutako elikagaien industria bultzatzeko" asmoarekin egin dutela zehaztu du Bittor Oroz EAEko Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuak. Jaurlaritzak 3,5 milioi euro jarriko ditu datozen bi urteetan sektorearen formakuntzarako eta berrikuntzarako.
Jose Mari Ustarroz Idiazabal jatorri izenaren lehendakariak esan du "aurrera egiteko eta posizionamendua berreskuratzeko" lagundu egin behar zaiola gaztaren sektoreari. Ildo horretan, plan estrategikoaren balioa goraipatu du.
Plan estrategikoaren prozesua bi gobernuen eta sektoreko ehun profesional ingururen parte hartzearekin egin dute.