Orain enpresak arrazoizko argudio bat eman behar du aldi baterako kontratu bat egiteko —ekoizpena handitzea, esaterako—. Gobernuaren dekretuarekin, 30 urtez azpiko langabe izatea nahikoa arrazoi izango da halako kontratu bat egiteko. 250 langile baino gutxiagoko enpresek ez diote kontratazio hoiengatik Gizarte Segurantzari ordaindu beharko.
Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak enpleguaren, administrazio publikoaren eta ustelkeriaren kontrako neurrien gainean hitz egin du Diputatuen Kongresuan.
2014ko urtarriletik aurrera autonomo eta enpresa txiki eta ertainek —urtean bi milioi eurotik beherako negozio bolumena dutenek—, ez dute BEZa ordaindu beharko zergaren ordainketari dagokion faktura kobratu arte.
Energia, garraio eta etxebizitza arloan ere hainbat neurri hartuko dituela iragarri du Rajoyk. Hiri-berritzea sustatzeko plan bat ere martxan jarriko du —eraikinen berritzea sustatzeko asmoz, etxejabeen elkarteetarako laguntzak emango ditu—.
Ustelkeriaren kontrako "akordio zabala" ere iragarri du, Gardentasun Legea alderdiei, sindikatuei eta patronalari zabalduz. Kargu publiko guztiei euren jardunaren amaieran ondasunen gaineko auditoria bat egiteko asmoa ere agertu du, eta ustelkeriagatiko zigorrak gogortuko ditu.
Erkidegoekin harremana
Rajoyk Estatuaren lurralde antolaketaren gainean esan du "borondatea" badago, beti dela posible akordioetara heltzea, "Konstituzioarenganako errespetuarekin eta nahiarekin asko lor daitekeelako".
"Gobernua harremanetan egon da, dago eta egongo da erkidego guztiekin", nabarmendu du.
Oposizioak oro har ez ditu begi onez hartu Rajoyren iragarpenak; UPNk, aldiz, babestu egin ditu. Amaiurreko Xabier Mikel Errekondo bozeramaileak adierazi du Rajoyren gobernuaren neurriek ez dutela "irtenbiderik" eskaintzen, eta "betikoak" sufriarazten dituztela. Haren ustetan, Rajoyren diskurtsoak ez du "ezer" berririk.
Geroa Bai-ko Uxue Barkosek uste du ustelkeriaren aurka egindako ekarpena "urria" dela, eta gogorarazi du ustelkeria dagoeneko "legez kanpokoa" dela.
Aitor Esteban EAJko eledunaren arabera, Espainiako gobernuburuaren diskurtsoa "etsigarria" da. Ustelkeriaren gainean PPko Luis Barcenasen kasuari aipamenik ere ez egiteari "kezkagarria" deritzo.