Azken hiru urteetan administrazio publiko ezberdinetan egin diren enplegu planak aztertu, eta EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen egoera hobetzeko egin duen gogoetaren emaitza da Gazteon errezetak agiria. Gaur aurkeztu dute, Gasteizen kontseiluak duen bulegoan.
"Kalitatezko enplegua eta gazteon lan eskubideak bermatzea". Horiek dira agiriaren helburu nagusiak, kontseiluko presidente Itsaso Anduezaren hitzetan. Hamazazpi neurri zehatz biltzen ditu, baina zabalik utziko dute, ekarpen gehiago bildu ahal izateko.
Hiru bloke ezberdinetan banatu dituzte eskaerak. Lehenbizikoan prekarietateari aurre egiteko neurri sorta jaso dute. Horixe bera da aztertu diren planetan aurkitutako hutsunerik handiena: ez zaio arazo horri kontra egiteko neurri eraginkorrik plazaratu, kontseiluaren ustez.
EGK-k, besteak beste, kalitatezko enplegua sustatzeko protokoloa prestatzea eskatu du, lan baldintza duinen ezaugarriak adostu eta horiek bideratzeko administrazioen konpromisoa lortzeko. Gazte-labela ere martxan jarri nahi dute. Hots, enplegu arloan gazteei zuzentzen zaizkien neurriei gazteek eurek oniritzia emateko eta hobekuntzak proposatzeko sistema.
"Ezegonkortasuna nagusi"
Gazteen egoerari buruzko irakurketa ezkorra egin du Anduezak. Hilero egiten diren kontratuen %95 aldi baterakoak direla azpimarratu du. "Ezegonkortasuna nagusi da", laburbildu du. Kontseiluak egindako kalkuluen arabera, gazteen langabezia tasa orokorra %30 inguru da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustaten inkestak dio 25 urte baino gutxiago dituzten gazteen %38 lanik gabe dagoela.
Kalitatea hobetzeko asmoz, diru publikoarekin ordaindutako laneratze neurrietan gazteei zuzendutako kontratazio formula bereziak kentzea nahi du EGK-k. Formula horien atzean, sarritan, gazteei baldintza eskasagoak emateko trikimailuak daudela uste dute. Horri lotuta, gazteek pairatzen dituzten iruzurrezko lan baldintzen ikuskaritza sortzeko aukera jarri dute mahai-gainean.
Agiriko beste bi blokeetan ekintza positiborako neurriak eta neurri aktiboak zerrendatu dituzte. Kontratazio publikoa arautzen duten gizarte klausuletan gazteria sartzeko eztabaida irekitzea edo enplegu neurri orokorretan gazteei zuzendutako kuotak gordetzea proposatu dute. Era berean, lan bila atzerrira joandako gazteei bueltatzeko laguntzak eskaintzea eskatu dute.
Neurri zehatz horietatik aparte, gazteen enplegua sustatzeko gomendio orokor batzurekin amaitzen da dokumentua. Negoziazio kolektiboan eta langile batzordeetan gazteak egoteko aukera erraztea aholkatu dute, horien artean.
Aurretik ere kanpaina ezberdinak egin dituzte EGKn gazteen enplegu egoeraren inguruan. Gazte migrazioaren arazoari buruz SosGazteak izan zen lehena. Ondoren, ekintzailetzaren atzean ezkutatu ohi diren baldintza kaskarrak salatu zituzten. Azken kanpaina orain dela hilebet batzuk aurkeztu zuten, Prekarioka izenarekin, lan baldintza kaskarrek dituzten forma eta baldintza ezberdinei buruz informazioa zabaltzeko.