Autoenplegua sustatzea du helburu Laboral Kutxaren Gaztenpresa ekimenak, “Euskadi ekintzaile izateagatik delako ezaguna”, Xabier Egibar bankuko negozio garapen arloko zuzendariaren esanetan. Horretan laguntzeko tresna da Gaztenpresa, eta pasa den urtean 402 enpresa sortzen lagundu zuten, horiekin 731 enplegu berri bideratuz. Bi hamarkada dira ekimena abiatu zenetik, eta ordutik 4.120 enpresa berri eta 7.330 lanpostu sortu dira. “Datu azpimarragarria da hori” Angel Toña Enplegu sailburuaren esanetan.
2.000 laguntza eskaera jaso zituen Gaztenpresak pasa den urtean, eta horietatik %40k igaro zuten hautaketaren lehen fasea. “Batzuetan aurkezten zaizkigun negozio ereduak une ezegokian proposatzen dira, eta horiekin lanean jarraitzen dugu”, Egibarren arabera. Bigarren fasea igarota, aurkeztu diren eskaeren %20ak egin du aurrera. Aurrera egin duten ekimen horiek, gainera, laguntza berezi bat izan zuten pasa den urtean. Hain zuzen, mentoring programa abiatu zuten, hau da, negozio kudeaketari buruzko gomendioak ematen dituen 41 pertsonako direktorio bat.