Gehiegizko arrantza gutxitzeko plana, asteazkenean

Europako Batzordeak arrantza politikak errotik aldatzeko proposamena aurkeztuko du

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko arrantza politika aldatzeko urratsa egingo dute asteazkenean. Europako Batzordeak erreforma proposamena aurkeztuko du, gehiegizko arrantza murrizteko, ontziak berritzeko, arrantzaren kudeaketa errazteko eta kostaldeetan lan eta garapen aukera berriak sortzeko.

Proposamena Maria Damanaki Arrantza komisarioak aurkeztuko du. Erreforma proposamen horretan oinarrituta, negoziatzen hasiko dira gobernuekin, Europako Legebiltzarrarekin eta arrantza industriarekin. Erreformaren bidez luzera begirako helburuak ezarri nahi dituzte, ez epe laburrekoak, orain arte bezala.

«Europako Batasunak arrantza politika berria behar du, arrainen stock-ak maila onargarrietara bueltatzeko», esan zuen atzo Olivier Baillyk, Europako Batzordeko bozeramaileetako batek. Ozeano Atlantikoaren iparraldeko hiru arrainetik bi gehiegi arrantzatzen dira. «Ontziek naturak berritu dezakeena baino gehiago arrantzatzen dute», salatu zuen Baillyk.

Horixe esan zuen duela bi urte baino gehiago Europako Batzordeak, Arrantzaren Liburu Berdean: arrantza ontzi gehiegi daude dagoen arrain kopururako, eta gehiegizko gaitasuna dute arrainak harrapatzeko. Arrantza politikak errotik aldatzeko prozesua abiatu zuen orduan.

«Laguntzen mende»

Europako Batzordeak pizgarriak eman nahi ditu akuikultura iraunkorra bultzatzeko eta arrain erreserben egoerari buruzko azterketa zientifikoak hobetzeko. «Amaitu» egin nahi du, berriz, «sektoreak laguntza publikoekiko duen gehiegizko mendekotasuna».

Arrain espezie baten egoerari buruzko datu zientifiko nahikorik ez badago, espezie horren arrantza %25 murriztu nahi du Europako Batzordeak. Europako Batasuneko herrialde gehienek erantzun diote neurri horren kontra daudela. Ekologistei men egin diela esan diote Espainiako arrantza industriako zenbait ordezkarik.

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek nahi dute Europako Batzordeak argi eta garbi bereiz ditzala haien arrantza mota (tradizionala) eta industriala, murrizketak eta mugak jartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.