GEHIENGO SINDIKALA. ESKUBIDE MURRIZKETEN AURKA. Bestelako eredu ekonomiko eta soziala eskatu dute milaka lagunek

Milaka lagunek hartu dute parte euskal gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitutako manifestazioetan

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2010eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Eredu sozial eta ekonomiko berriaren alde, dozenaka milaka lagun ibili ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleetan atzo arratsaldean. Krisi ekonomikoaren konponbidea politika publikoen aldaketaren eta aberastasunaren banaketaren bidez helduko dela aldarrikatzeko, manifestazioa egin zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, Erreformen aurrean, langileok eredu berri bat. Gure eskubide sozial eta laboraletan murrizketa gehiagorik ez lelopean. Izan ere, haien ustez, krisia eragin duten botere ekonomikoen «esanetara» dago botere politikoa, eta instituzioek proposatutako erreformek eskubide sozial eta laboralak murriztuko dituzte.

Bilboko martxan hartu zuten parte sindikatuotako ordezkari nagusiek; ELAko Adolfo Muñoz, LABeko Ainhoa Etxaide, ESK-ko Josu Balmaseda, EILASeko Arantxa Fernandez de Garaialde, EHNEko Mikel Kormenzana eta Hiruko Patxi Agirre, besteak beste, egon ziren parkartaren atzean. Manifestazioetan parte hartu zutenek osatutako irudia eskertu zuten, Balmasedaren hitzetan, «haiek eragindako krisia ordaintzeko prest ez gaudela aldarrikatu dugulako».

«Konformatzen ez diren pertsonek mundua alda dezakete; hemen gaudenok hala gara, ezkerrerantz mugitu nahi dugu mundua, baina gutxiengo boteretsu batek eskuinerantz egiten du bultza», gaineratu zuen Balmasedak. Adolfo Muñozen esanetan ere eskuineranzko joera horrekin jarraitzea dute helburu pentsio sistemaren inguruan proposatutako aldaketek: «Iragarritako erreformek arriskuan jarri dituzte pentsio publikoak: prestazioak murrizteko eskatzen dute, jendea arlo pribatura jotzera behartzeko».

Madrilen «isilpean» negoziatzen ari diren lan erreformak ere lan eskubideen murrizketak ekarriko dituela gogorarazi zuen Muñozek: «Kaleratzeak merkatu nahi dituzte, eta enpresei malgutasun handiagoa eman». Alde horretatik, negoziazio kolektiboa Madrilen zentralizatzea gaitzetsi zuen: «Hegoaldeko langileen baldintzak pobretuko dira, sindikatu espainiarrek oso merke saltzen dutelako». Zentralizazio horrek «gure herriaren subiranotasun defizita» adierazten duela erantsi zuen.

Botere ekonomikoen mende

Era berean, «patronalaren eta banketxeen esanetara egotea» leporatu zion Muñozek botere politikoari. Horren seinale, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezen «adituen zirkua» izan zuen hizpide: «Enpresa eta banku handienei aholku eskatzen ari da lehendakaria, hain justu, gastu soziala ekonomiarako arriskutsua dela erabaki duten horiei». Bestelako alternatibak badaudela «ezkutatu nahi» dutenak «manipulazio publikoa» erabiltzen ari direla salatu zuen.

Ainhoa Etxaidek ere adierazi zuen erreformek agerian utzi dutela gobernuak ez direla patronalari eta banketxeei ezer ukatzeko gai: «Haiek eskatu, eta gobernuek eman». Izan ere, Etxaidek azaldu zuenez, krisia egiturazkoa da: «Ez da beheraldi soil bat: krisia eredua bera da. Ereduak ez du porrot egin, bere helburua bete duelako: gutxi batzuk aberastea, gehiengoak baliabide gutxiago eta zor gehiago ditugun bitartean. Eredu hori gizartearen interesekin eta gure eskubideekin bateragarri bihurtzen saiatu diren politikek, horiek egin dute porrot».

Beraz, eredu ekonomiko eta sozial berria eraiki behar da, sindikatuen ustez. Etxaideren esanetan, krisiaren irtenbideak ildo bakarra du: politikak aldatzea eta eredu sozialean inbertitzea; horrekin batera aberastasuna banatu beharra defendatu zuen irmoki: «Aberastasuna ez banatzea gizarteari lapurreta egitea da. Aberastasuna banatu behar da, bai ala bai». Josu Balmasedaren hitzetan, ezkerrerantz jo behar du eredu berri horrek: «Naturarekiko errespetuan, aberastasunaren banaketan, enplegu duinean eta emakumeen, gazteen, migratzaileen zein beste hainbat taldeen bazterketaren desagertzean oinarritu behar dugu eredu ekonomiko eta sozial berria».

Greban bildutako indarra

Euskal gehiengo sindikalak gogoan izan zituen iazko maiatzaren 21ean eginiko greba orokorrean ohartarazi zutena. «Bagenekien erreformak eta doikuntzak etorriko zirela, eta horregatik atera ginen kalera. Grebarako arrazoirik ez zegoela esan ziguten, baina doikuntzak heldu dira», esan zuen Ainhoa Etxaidek. Hala, greba orokorraren bidez bildutako «indarra» baliatzen jarraitzeko deia egin zuten sei sindikatuek.

Izan ere, aldaketa langile borrokak bultzatu behar duela aldarrikatu zuen Etxaidek: «Instituzioek ukatu diguten alternatiba guk gure eskutik eraiki dugu. Euskal Herriko langileak proposamen zehatz baten inguruan bildu dira, gizarte eredu eta politika berrien bila». Adolfo Muñozek ere nabarmendu du sindikatuak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla: «Eskubide sozial eta laboraren aurkako lapurreta antolatzen ari dira, gobernuen laguntzaz, eta sindikalgintzak eskubide horiek defendatzeko deia egin behar du».

Apirila bukatzerako prest izango da lan erreforma

Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek ostegunean ekin zioten lan erreforma negoziatzeari. Hurrengo batzarrerako, apirilaren 12rako hain zuzen, erreformaren zirriborroa prest izango duela agindu du Espainiako Lan Ministerioak. Langile eta enpresaburuen ordezkariei kezka eragin die horrek, dokumentuari edozein aldaketa egiteko denbora gutxi geratuko zaiela iritzi baitiote. Izan ere, apirila bukatzerako erreforma prest izango dela esana du Celestino Corbacho Lan ministroak, eragileen arteko adostasunarekin edo gabe. Beraz, Espainiako elkarrizketa sozialeko mahaia deiturikoak 20 egun eskaseko epea izango du zirriborroaren gainean negoziatzeko. Espainiako Gobernuak oraingoz ezer gutxi aurreratu du lan erreformak ekarriko dituen aldaketa zehatzen inguruan. Baina, neurri nabarmenenen artean honako hauek aipatu ditu: enpresetan barne malgutasuna hobetzeko sistema bat sortzea, aldi baterako enplegua doitzeko tresna gisa lanaldi murriztua bultzatzea eta kontratazio hobarien politika berrikustea. Gazteen kaleratzea ez duela merkatuko ere baieztatu du.

%18

Balio erantsioaren zerga. Bi igoera izango ditu uztailaren 1etik aurrera: BEZ orokorra %16tik %18ra igoko da, eta murriztua %7tik %8ra. BEZ supermurriztua bere horretan geldituko da, %4an. Erabakia Espainiako Gobernuak hartu da, baina Hego Euskal Herrian bertako administrazioek biltzen dute BEZaren dirua. Igoeraren helburua Administrazioaren diru sarrerak handitzea da, baina kontsumoa apaldu dezake, prezioak igo egingo baitira. Espainia ez da BEZa igokoduen herrialde bakarra, Finlandiak ere %22tik %24 igo baitzuen iazko irailean. Europako Batasuneko BEZ apalenetakoa du Espainiak. Frantziak %19,6koa du eta %19koa Alemaniak.

Oraingoz geldirik dago pentsio sistemaren erreforma

Pentsio sisteman aldaketak egiteko Espainiako Gobernuaren asmoak zapuztuz joan dira azken asteetan. Hasierako proposamenak sortutako zalaparta dela tarteko, edukia leuntzera egin du. Europako Batzordeak esku artean duen testuak, baina, ondoko aldaketak jasotzen ditu: erretiro adina 67 urtera atzeratuko dela; erretiro pentsioak kalkulatzeko erreferentziatzat hartzen den aldia luzatu egingo dela; eta, pentsioa jaso ahal izateko lanean jardun beharreko urte kopurua handitu egingo dela. Bruselak behin baino gehiagotan eskatu dio Espainiari pentsio sisteman aldaketak egiteko, baina, gizarte eragileek ez dute begi onez ikusten hori. Oraingoz ez dirudi berehalako neurririk hartuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.