Gehiengo sindikalak dio «antzerki hutsa» direla Madrilgo negoziazioak

Erreformen negoziazioak «antzerki hutsa» direla dio gehiengo sindikalak, eta langileen desmobilizazioa eragiten dutela«Pentsio eskubidea desagertzea» ekarriko duen erasoa dela salatu dute

Hiruko Estitxu Ugarte, ELAko Adolfo Muñoz, EILASeko Belen Arrondo, LABeko Ainhoa Etxaide eta EHNEko Iñaki Lazarobaster, atzo, Bilbon egin zuten agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal gehiengo sindikalak gogor salatu ditu CCOO eta UGT, Espainiako Gobernuarekin erreformak negoziatzera eseri direlako. Pentsio sistemaren erreforma Madrilek langileriaren aurka egiteko hartu dituen neurrietako beste bat dela adierazi zuten atzo Bilbon egindako agerraldian. Horiek hala, euskal langileria kalera ateratzeko ordua dela azpimarratu zuten, eta berriz ere hilaren 27rako greba orokorrera dei egin zieten herritarrei.

Madrilgo negoziazioak «antzerki hutsa» baino ez direla iritzi dio Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak. «Elkarrizketa soziala ez da existitzen, Espainiako mugimendu sindikalak ez du burujabetasun ekonomikorik eta ezin dio egoera honi aurre egin». Pentsioen erreforma inoizko eraso handiena dela gaineratu zuen, eta, hala ere, CCOO eta UGT hura babesten ari direla; «sindikatuak ezin dira halako lege erreformetan parte hartu».

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere bat agertu zen Muñozekin. «Ez dago inolako asmorik erreforma langileekin negoziatzeko». Azaldu zuenez, sindikatu batzuek elkarrizketa sozialean parte hartzeko arrazoi bakarra krisi egoeran beren iraupena bermatu nahi izatea da.

Izan ere, Etxaideren esanetan, erreforma ez dago inola ere justifikatzerik, «argudio lotsagarriakerabiltzen dituzte». Helburua pentsio sistema pribatua bultzatzea dela esan zuen. «Sistema publikoa ez dago krisian, guztiz bideragarria da, baina ez da horren alde egiten».

Pentsioen erreformaren barruan, erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra atzeratzeko proposamenak sortu du polemikarik handiena. Asteon, baina, Gizarte Segurantzan 41 urtez kotizatzen dutenei erretiroa 65 urterekin hartzen uzteko prest legokeela esan die gobernuak sindikatuei. Pentsio sistemaren erreformak praktikan pentsioa jasotzeko eskubidea desagertzea ekarriko duela salatu zuten. Adibide gisa, azaldu zuten langile batek pentsio osoa jasotzeko lanean 30 urterekin hasi eta 67 urtera arte eten barik jardun behar duela. Sindikatuen arabera, «gaur egungo egoera kontuan hartuta, ezinezkoa da langile gehienentzat baldintza horiek betetzea».

Espainiako Gobernua krisiaz baliatzen ari dela salatu zuen Etxaidek: «Beste egoera batean hartuko ez lituzkeen neurriak hartzen ari da, egoera ekonomiko kaskarraren aitzakiarekin». Hala, pentsioak bakarrik ez, «pribatizazio prozesu erraldoia» egiten ari dela esan zuen. «Langileoi gure interesen aurka doan proiektu politiko eta ekonomiko bat inposatzen ari zaigu».

Alderdi politikoen jarrera ere kritikatu zuen Muñozek, erreformak babesten ari direlako, «langileriari bizkarra emanez». Hori dela eta, sindikatuen erronka langileria babestea eta mobilizatzea dela adierazi zuen; «greba orokorra erasoarekiko guztiz koherente eta proportzionala da».

Herenegun ESK-k egindako moduan, atzo CNTk bat egin zuen gehiengo sindikalak hilaren 27rako deitutako greba orokorrerako deiarekin. Haren ustez ere, «eskubideen zapalkuntza dela eta, greba deialdia erabat justifikatuta dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.