ELAk, LABek, EHNEk, Hiruk eta EILASek Hego Euskal Herrian urtarrilaren 27an greba orokorrera deitu dute, pentsioen erreformaren aurka. Sindikatuetako ordezkariak Iruñean bildu dira gaur batzar batean, eta deialdia egin dute, pentsioen erreforma lan erreformaren luzapena dela salatuz. Batzarraren ondoren manifestazioa egin dute Iruñeko kaleetan.
Pentsioen erreformak langileen eskubideak urratzen dituztela salatu dute, eta horregatik, alderdiek hori defendatzeko babesik izan ez dezaten, langileak kalera ateratzera deitu dituzte. Izan ere, Espainiako Kongresuan urtarrilaren 28an bozkatuko dute pentsioen erreforma, eta botoa emango duten alderdiak baldintzatu nahi dituztela onartu dute sindikatuetako ordezkariek.
Euskadiko CCOOek egin dituen adierazpenen arabera, ez dela inoren atzetik ibiliko lan eta pentsio erreformen aurkako mobilizazioetan jakinarazi dute, nahiz eta, beste batzuekin bat egiteko ateak itxita ez dituztela ere gaineratu duten. Gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrerako deialdia, CCOOren programaren aurkako obsesioaren emaitza dela esan dute.
Eusko Jaurlaritzak greba orokorra ez dutela adierazi dituzten arrazoiengatik bakarrik deitu sindikatuek, adierazi du ohar batean. Hau da, urte eta erdian, PSE-EEk boterea lortu zuenetik hirugarren greba orokorra dela kontuan hartuta, bestelako arrazoiak ere badaudela uste du, gobernuaren aurkakoak alegia. Aresek bere aldetik, ez dela grebak egiteko garaia aipatu du.
Gehiengo sindikalak ekainaren 29an deitu zuen azkenekoz greba orokorrera Hegoaldean, krisiaren aurkako neurriengatik protesta egiteko. Geroztik, Ipar Euskal Herrian hainbat protesta egin dira azken hilabeteetan Nicolas Sarkozyren erretreten erreformaren aurka, baina urtarrilekoa Hegoaldean egiten den lehena izango da.
Sindikatuek gaur egin duten deialdian salatu dute, erreforma gogorrena dela pentsioekin egin nahi dena, eta krisiaren aurka hartzen ari diren neurriekin krisia sortu zutenak aterako direla irabazle gaineratu dute. Gainera, Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek murrizketa horiek babesten dituztela salatu dute.
Erretiroa, 67 urterekin
Urtarrilaren 28an Espainiako Kongresuan bozkatuko den proposamena oraindik erabat zehaztu gabe dago. Toledoko Ituna sinatu zutenak biltzekoak dira oraindik, proposamena zehazte aldera. Hala ere, ildo nagusiak finkatuta daude eta horien artean erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67 urtera aldatzea eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak 15 urtetik 20 urtera edo 25 urtera aldatzea jaso nahi dute.
Ekonomia
Gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu du Hegoaldean urtarrilaren 27an, pentsioen erreformaren aurka
ELA, LAB, EHNE, Hiru eta EILASek egin dute deialdia gaur Iruñean. Espainiako Kongresuan grebaren biharamunean bozkatuko dute pentsioen erreforma, eta sindikatuetako ordezkariek aitortu dutenez, bozketa horretan botoa emango duten alderdiak baldintzatu nahi dituzte, langileak kalera ateratzera deituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu