Euskal Herrian ohiko irudia da lan istripuren batean langile bat hil ostean sindikatu bakoitzak bere elkarretaratzea, bere pankarta, bere salaketa egitea. Egoera hori aldatu egingo da, neurri batean, gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru) lan osasunean eta lan segurtasunean ekintza bateratuak egitea onartu baitu.
Sindikatuen akordio horren bitartez lan istripuen aurkako ekintzei indar handiagoa eman nahi diote sinatzaileek, eta baita ezbeharra gertatzen den lantoki bakoitzean langileen parte-hartzea sustatu ere. Etorkizunean egingo dituzten mobilizazioetan Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea leloa erabiliko dute.
Bost sindikatuek lortutako akordio horrek bestelako ekintza bateratuak ere bultzatuko ditu. Hala, EAEko eta Nafarroako gobernuek dituzten lan segurtasunerako politiken jarraipen, balorazio eta salaketa bateratuak egingo dituzte. Eta elkarrekin lan egingo dute lan segurtasuneko eta lan osasuneko arazoak gizarteratzeko.
Lan istripuen datu ezberdinak
2010eko lan istripuen balorazioa egin zuten sindikatuek atzo, Bilbon. Datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 67 langile hil ziren iaz —58 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta 9 Nafarroan—. Sindikatuek egindako zenbaketaren arabera, ordea, 2010ean hildako langileen kopurua 80koa da—64 EAEn eta 16 Nafarroan—. Bi iturrien artean hildako hamahiru langileren aldea dago, betiere kontuan hartuta Nafarroako datuak irailera artekoak direla.
Lan istripuetan hildako langileen datuetan ez dira ados jarri, «datu ofizialetan ez direlako gaixotasunak aintzat hartzen», adierazi zuen Ohian Ostolaza LABeko Lan Osasuneko ordezkariak. «Esate baterako, 2010ean 22 langile hil ziren amiantoaren ondorioz, estatistika ofizialetan agertzen ez direnak», LABeko ordezkariaren arabera. Horrez gain, atzerriko enpresetako langileen istripuak eta garraiolarienak aintzat ez hartzea leporatu diote Jaurlaritzari.
Datu ofizialak kontuan hartuta, iaz 95.542 lan istripu izan ziren Hego Euskal Herrian —88.439 EAEn eta 7.103 Nafarroan—. Irizpideen arteko aldea ikusita, lan istripuen eta laneko gaixotasunen benetako datuak handiagoak direla uste du Ostolazak.
LABeko ordezkariaren arabera, «datuek diote lan istripuen zergatiak egiturazkoak direla eta prekarietatea ezbeharrekin lotuta dagoela».
Gehiengo sindikalak istripuen aurka elkarrekin aritzeko akordioa lortu du
Langile bat hil da Fagor Ederlanek Eskoriatzan duen lantegian, pieza batek buruan jota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu