ERREFORMEN KRITIKA
•Ofentsiba gogorra. «Ekonomia, finantza eta enpresa boterearen interesei erantzuten die PSOEko gobernuak hartutako ekimen multzoak. Parekorik ez duen ofentsiba dugu oraingoa, eta langileriari dagozkion eskubideei egin zaien erasorik larriena azken hamarkadetan».
•Ondorio zuzenak. «Euskal langileen gizarte eskubideei eta lan baldintzei zuzenean eragiten dizkieten erabakiak euskal esparrutik at hartzen dira, euren borondatea eta euren zilegizko ordezkariena aintzat hartu gabe».
•Negoziazio kolektiboa. «Negoziazio kolektiboaren erreformaren bidez langile klaseak dituen tresnak are gehiago murriztu eta mugatu nahi dituzte». «Patronalaren proposamenek negoziazio kolektiboa muturreraino ahultzea bilatzen dute, lan eskubideak kolpe batez ezabatzeko».
CCOO ETA UGT
•Babes politiko eta sindikala. «Botere ekonomikoaren eta patronalaren ofentsiba aurrera eraman du estatuaren botere politikoak, PP, EAJ eta UPNren laguntzarekin, eta, gainera, CCOO eta UGTren sindikalgintza itunzalearen estalki soziala du».
•Eredu kontrajarriak. «[UGT eta CCOOren] sindikalgintzaren funtzio bakarra langileen interesen kontrako inposaketa eta erasoak leundu eta gizarte elkarrizketaren azaleko erabilerarekin apaintzea da».
ALTERNATIBAK BADIRA
•Nahita baztertuak. «Agiria sinatzen dugun sindikatuok ez ditugu soilik bata bestearen atzetik aurkeztu zaizkigun neurrien aurka borrokatu, alternatibak ere planteatu ditugu. Alternatiba horiek nahita ezkutatu eta gutxietsi dituzte, ez bideraezinak direlako, baizik eta aberastasunaren banaketa bidezkoan oinarritzen direlako».
•Boterearen erantzuna «Geure mobilizazioen aurrean, errealitatea ukatu eta inposatu; geure alternatiben aurrean, isiltasuna eta inposaketa gehiago». «Krisia baliatuz, estatuko botere politiko, ekonomiko eta sindikalek zentralismo gehiago inposatu nahi dute, eta geure errealitate sozial eta nazionala ezabatu».
ALDERDIEI DEIA
•Egungo esparrua. «Langileok ekintza sindikalerako benetako tresnak izatea eragozten du egungo esparru juridiko-politikoak». «Markoa erabat agortuta dago, geure aldarrikapenei bidea egiteko ez du balio, eta krisi garaian euskal langileen aurkako erabakiak hartzeko erabiltzen da».
•Borrokatzeko prest. «Lan Harremanetarako eta Gizarte Babeserako Euskal Esparruaren aldarrikapenari dimentsio politikoa emateko mobilizatzea eta borrokatzea erabaki du gehiengo sindikalak».
•Alderdiei eskaera. «Lan erreformaren aurkako jarrera berresten dugu, eta Espainiako Legebiltzarrean bozkatuko den pentsioen erreformak euskal alderdien babesa ez izatea exijitzen. Era berean, negoziazio kolektiboaren erreformaren aurka egitea exijitzen dugu».
•Beste gizarte bat. «Lan eta giza aldarrikapenarekin batera, beste gizarte eredu bat antolatzeko aukera jokoan dago. Euskal erabaki esparrua defendatzen dutenei geurekin lan egitea eskatzen diegu, eskubide horiek ukatzen dizkigutenen kontra maila politikoan borrokatzeko».