Generalitateak 8.000 polizia jarri ditu EBZko 29 agintariak zaintzeko
Europako Banku Zentralak urtean bitan uzten du Frankfurteko egoitza hileroko bilera beste non edo non egiteko, eta gaur da egun horietako bat. Bartzelonan bilduko da bankuko zuzendaritza gorena. Aurreikuspenak betetzera, euroguneko interes tasak %1ean utziko ditu, eta ez du beste erabaki adierazgarririk hartuko. Hilero egin ohi duen moduan, ekonomiaren bilakaera aztertuko du, azken hilabeteotan hartu dituen neurrien ondorioak neurtuko ditu, eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak plazaratuko. Baina EBZrentzat bilera arrunt bat izango dena hamaika endredo sortzen ari da Bartzelonako biztanleei, EBZko 29 agintariak zaintzeko 8.000 polizia atera baititu Generalitateak kalera. Atzo, 17 lagun atxilotu zituzten Frantzia eta Katalunia arteko mugan eta beste 43ri sarrera ukatu zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu