Ez zuen arrazoirik falta petrolioari urre beltza deitu zion hark. Azken asteko joerari luze eutsiz gero, behintzat, laster da urrearen prezioan, historiako mailarik handienetan baitabil.
Europak erreferentziatzat hartzen duen Brent upela, esaterako, astearteaz geroztik egunez egun errekor berriak lortzen ari da. Upelaren kotizazioak 70 dolarreko muga gainditu zuen ostegunean, lehenengoz. Eta eguna 70,57 dolarrean itxi zuen arren, une batzuetan 70,72 dolarrak ukitzera ere heldu zen. 1988an Londresko petrolio merkatua sortu zenetik sekula lortu dituen baliorik handienak, beraz. Astea, ordea, apur bat apalxeago amaitu du; 69,49 dolarrean, hain zuzen, astebete lehenagoko salneurria %3an gaindituz.Baina, ez da Brent upela goia jota dabilen bakarra. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak ekoitzitako petrolioaren prezioak ere hiru errekor historiko egin ditu astebetean. Hala, upela 63,84 dolarrean kotizatuz itxi zuen ostegunean. AEBek erreferentziatzat hartzen duten Texas petrolioa ere antzera dabil: New Yorkeko Nymex merkatuan upela 68,40 dolarrean kotizatuz itxi zuen osteguna; sei egun aurretik zuen balioa %2,5ean gaindituta.
Iran, Nigeria eta AEBak
Urre beltza etengabe garestitzeko arrazoiak ez dagozkio eskaintza eta eskariaren arteko harremanari, motibo geopolitikoei baino. Eta, zehazki, Iranen programa nuklearraren inguruan sortu den auziari.
Astearen hasieran, Iranek, munduko laugarren petrolio esportatzaileak, bere programa nuklearrerako uranioa aberastea lortu zuela iragarri zuen. Nahikoa nazioartean giroa nahasteko. Ondotik, programa atomiko hori geldiarazteko AEBek Irani airez eraso ziezaioketela jakinarazi zuten zenbait komunikabidek. Horrek inbertsiogileen arreta piztu zuen, petrolioaren salneurrian izan zezakeen eraginaren jakitun.Nahiz eta, auzia hori dela tarteko, NBE Nazio Batuen Erakundeak Iran zigortu dezakeen, petrolioaren salneurria dela-eta estatuko diru kutxak bapo gizendu dituela diote adituek. Azken 11 hilabeteotan 41.000 milioi dolarreko etekinak lortu dituelakoan daude. Egunean 4,2 milioi upel ekoizten ditu; gehienak, Txina eta Europako Batasunerako. Baina, Iranez gain, EBk badu beste petrolio hornitzaile bat: Nigeria, Afrikako ekoizle nagusia. Eta hango egoera ez da samurragoa, gerrillen erasoak direla-eta produkzioaren bosten bat geldirik baitago.Petrolio merkatuaren egoera korapilatsu honetako azken protagonista AEBak dira. Udan erregaien kontsumoa handitu egiten dela eta, beldur dira eskariari erantzuteko gai izango ez ote diren, erreserba eskasiagatik. AEBak dira munduko petrolio kontsumitzailerik handiena, eta azken sei asteotan 18 milioi upeletan jaitsi dira bere erregai erreserbak. Gainera, Mexikoko Golkoan urakanek egindako txikizioak guztiz konpondu artean, findegiei ezinezkoa izango zaie eraginkortasun osoz lan egitea.IEA Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan, jada nabarmendu daiteke petrolioa hainbeste garestitzeak eskarian eragin duen beherakada. Eta hori munduko ekonomian berehala islatuko dela ohartarazi du.
Geopolitika arazoak ekonomiaren kalte
Brent upela 69,49 dolarrean dago, astebetean %3 garestitu ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu