Gernika-Lumon langile bat hil da, lanean ziharduela plaka bat gainera erorita

Babes ofizialeko etxeen eraikuntzan zebilen 52 urteko behargina; beste langile bat zauritu da istripu horretan

ERREDAKZIOA
2009ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Atzo eguerdian 52 urteko langilea hil zen Gernika-Lumon (Bizkaia). Santa Luzia auzoan Udalak sustatutako babes ofizialeko etxeen eraikuntza lanetan zebilen. Ezbeharraren ondorioz, beste langile bat ere zauritu zen, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten.

Hildako langilea enkofratuari eusten zion plaka bat kontzen ari zen beste langile batzuekin batera; nonbait, plaka gainera jausi eta azpian harrapatu zuen. Oraindik ez dago argi nola gertatu zen zehazki. Anbulantzia bat berehala ezbeharraren lekura joan eta langilea suspertzen saiatu bazen ere, ezin izan zioten bizia salbatu; orduantxe hil zen. 52 urteko behargina azpikontratatu moduan zebilen lanean.

Aurten zazpi langile hil dira

LABek jakinarazi duenez azken heriotza horrekin dagoeneko 2009an zazpi pertsona hil dira lan istripuen ondorioz; horietatik lau Bizkaian, bi Nafarroan eta bat Gipuzkoan.

Azkenaurreko hildakoa 41 urteko J.M.A.B. izan zen, eta Enderitzen (Nafarroa) Repsol enpresarentzat egiten zuen lan. Iaz denera lan istripuengatik 125 zendu zirela gogorarazi du LABek. Azken lan ezbeharra salatzeko bi kontzentrazio antolatu ditu asteazkenerako; 11:30ean izango da bata, Santa Luziako obren irteeran, eta Gernikako Merkurio Plazan bestea, 19:30ean.

ELAk ere azken heriotza salatu du, eta tankera horretako ezbeharrak eragiten dituzten «arrazoiek bere horretan» jarraitzen dutela gogorarazi du. Egoera salatzeko asteazkenerako kontzentraziora deitu du. Gernika-Lumoko udaletxearen atarian bilduko dira, 11:00etan.

Gernika-Lumokoaz gain, atzo beste lan istripu bat izan zen. 58 urteko langile batek gorputz erdia erre zuen Cordovillan (Galar, Nafarroa). Estazio elektriko batean egiten zuen lan, eta elektrotutatu egin zen. Lankideek ezbeharra gertatu eta berehala larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.