Gero eta aldi baterako kontratu gehiago, lanpostuak sortu arren

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lan Harremanen Kontseiluak 2002ko lan eta gizarte gaien txostena aurkeztu zuen atzo; besteak beste, kezka agertu zuen negoziazio kolektiboak eta lan istripuek izaniko bilakaeragatik

2003ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazi du motelaldi ekonomikoak ez duela trabatu enpleguaren hazkundea. 2002an, bederen. Langabezi tasa, horrenbestez, Europako Batasuneko batez bestekoaren maila bertsuan da. Dena dela, aldi baterako kontratuek gora egin dute, laneko instripuek ez dute etenik, eta etengabeko prestakuntzan ziurgabetasuna da nagusi. Kaltetuenak, beharginak.

Lan Harremanen Kontseiluak 2002ko lan eta gizarte gaien txostena aurkeztu zuen atzo. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hazkunde ekonomikoa apaldu egin dela berretsi zuen erakundeko lehendakari Martin Auzmendik. Motelaldiaz haratagoko gogoeta egin zuen gero.

Enpleguak eta aldi baterako kontratuek gora egin dute

Populazio aktiboa inoizko handiena zen joan den urte hondarrean. Auzmendik azaldu zuenez, 38.800 lanpostu berri sortu ziren iaz. Hazkundeak hemengo eta Europako Batasuneko batez besteko langabezi tasak parekatu zituen, nonbait. Auzmendiren hitzetan, «populazio aktiboaren %8,3k ez zuen lanik 2002an: 80.600 pertsonak, alegia».

Sektorekako datuak ere eman zituen Lan Harremanen Kontseiluko lehendakariak. Industrian gertatu zen lanpostu galerarik nabarmenena: 5.300 herritar geratu ziren lan barik. Eraikuntzak eta zerbitzu sektoreak bete zuten zuloa. «Aisia eta turismoa gora doaz», esan zuen.

Ekonomiaren alderik argienak islatu ostean, zokorik ilunenak aztertu zituen. Aldi baterako kontratuak, adibidez. «Tamalez, besteen kontura lan egiten dutenen %29k halako kontratuak dituzte», zehaztu zuen. Auzmendiren ustez, «batik bat, gazteek eta emakumeek nozitzen dituzte egonkortasunik eza eta enplegu baldintza eskasak».

Laneko istripuez ere mintzatu zen: «Bazirudien 2001ean tontorra jo genuela, baina ez. Egoerak okerrera egin du, eta ezbehar larrien eta beharrean hildakoen kopurua handitu egin da». Iaz 492 istripu larri gertatu eta 74 langile hil ziren >2001ean baino %4,2 eta %8 gehiago, hurrenez hurren. Auzmendik esan zuenez, «erakundeek, sindikatuek eta enpresaburuek ahalegin berezia egin beharko dute, etorkizunean laneko segurtasuna hobetuko bada».

Negoziazio kolektiboa, gatazka handien iturburu

Negoziazio kolektiboaren harira, Auzmendik azaldu zuen gatazkak puri-purian egon direla, «nola sektore publikoan, hala pribatuan». Giro nahasiaren erakusle dira egindako hitzarmen urriak. «Negoziazio kolektiko berritu behar zuten langileen %36k iaz. Ordea, %12 besterik ez ziren akordio batean adostu», adierazi zuen. Akordio asko eta asko, gainera, eraginkortasun mugatukoak ziren.

Are okerrago: hitzarmenak egin bai, baina soldatak kasik ez ziren inflaziotik gora igo.

Lan gatazkak amaitzeko alde guztien elkarlana ezinbestekotzat jo zuen Auzmendik: «Ezin dituzte arazoak elkarri erasotzeko gailu gisa erabili».

Gerora begira, Auzmendikiragarri zuen ziurgabetasun ekonomikoak bere hartan iraungo duela, prestakuntza etengabeko erakunde bi egotea traba dela >Hobetuz eta Forcem, eta lanmerkatuaren beharrizanetara egokitutako pertsonak faltako direla, ziur aski.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.