Gero eta gertuago dago British Airwaysen eta Iberiaren bat-egitea

Fusioa gauzatuz gero, Europako hegazkin konpainia handienen artean hirugarrena sortuko lukete

Miren Garate.
2009ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Fusiorako bidean beste pauso bat eman dute British Airwaysek etaIberiak. Bateko zein besteko administrazio kontseiluek bilera egin zuten atzo.Helburua ez zen bat-egite prozesua amaitutzat ematea, baizik eta hura gauzatzeko oinarriak biltzen dituen dokumentua onartzea. Espainiako konpainiak eman dio oniritzia dagoeneko, eta Erresuma Batukoak ere gauza bera egitea espero da. Baldin eta bat-egitea gauzatzen bada, Europako bigarren hegazkin konpainia sortuko lukete burtsako kapitalizazioari dagokionez, eta hirugarrena diru sarrerak kontuan hartuta.

«Berdinen arteko fusioa» deitu diote mahai gainean jarritako proposamenari. British Airwaysek %55eko parte-hartzea edukiko luke eta Iberiak %45ekoa. Egoitza nagusia Londresen izango luke, eta Antonio Vazquez gaur egungo Iberiako presidentea izango litzateke konpainia berriko burua. Willie Walsh British Airwayseko kontseilari ordezkariak kargu bera edukiko luke.

Pentsioen defizita oztopo

Hamasei hilabete daramatzate fusioaren gainean negoziatzen bi hegazkin konpainiek. Batez ere bi arazorekin egin dute topo orain artean. Alde batetik, kontrola nola orekatu. Tamainaz ia bikoitza da Erresuma Batuko konpainia, baina baita galeretan ere. Ematen du ezadostasun horiek konpondu dituztela, eta orain British Airwaysen pentsio sistemak sortzen du kezkarik gehien.

Langile ohiei ordaintzeko funtsaren defizita asko handitu da azken urteetan. Analisten arabera, 3.300 milioi euroraino iritsi da, eta horri aurre egiteko diru asko eman beharko duen beldur da Iberia. Hala, defizita konpainia berritik isolatzeko formularen bila dabiltza.

Abantailei dagokienez, konpainia berriak Air France-KLMrekin eta Lufthansarekin lehiatzeko aukera gehiago izango lituzke. AEBetarako hegaldietan aire konpainia nagusia da British Airways, eta Iberiak, berriz, Europa eta Latinoamerika arteko hegaldien merkatu kuotarik handiena du. Horrez gain, erregai eta ibilgailu berriak erosterakoan kostuak jaisteko aukera edukiko lukete.



Konpainia berria

Hegazkin kopurua. 408 izango lituzke: 244 British Airwaysenak (BA) eta 164 Iberiarenak.

Helmugak. 259 aireportu.

Bidaiariak urtean. 61,5 milioi: BAk 33 milioi eta Iberiak 28,5.

Langileak. 63.900: BAk 42.000 eta Iberiak 21.600.

Diru sarrerak. 14.500 milioi euro. Analisten arabera, 9.900 milioi euroren sarrerak edukiko ditu BAk aurten, eta Iberiak 4.600 milioirenak.

Galerak. BAk, zergak ordaindu aurretik, 446 milioi euroren galerak izango diru analisten arabera; Iberiak 228,8 milioirenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.