ARMAGINTZA

Gerra industria, isilean sendo

Armagintzako enpresa nagusiek 345.016 milioi euroren salmentak izan zituzten 2011n, aurreko urtean baino %14 handiagoak. Euskal Herrian ere hainbat enpresak hornitzen dute industria militarra, ozen ez esan arren. 

Miren Garate.
2013ko irailaren 29a
10:25
Entzun

Gerrako ekonomiaz ari denak austeritatea izan ohi du mintzagai, irauteko zailtasunak, eskasia. Gerraren bueltan, ordea, ekonomia oparo bat mugitzen da, aurreko ezaugarri horiekin zerikusi gutxi duena. Lausoak dira industria militarrari lotutako kontuak. Zail da kalkulatzen zenbat laguni ematen dien lana, zenbat enpresa aritzen diren sektorean, gehientsuenek ez baitute euren jarduera osoa bideratzen horretara, baizik eta negozioaren zati bat bakarrik. Gauza bera gertatzen da gobernuek defentsara bideratutako diruarekin ere. Sailak aurrekontu jakin bat izaten duen arren beste sail batzuenetik ere xurgatzen baitu. Zehazgabetasun horren erdian, ordea, hainbat ikerketak erakusten du industria militarra ez duela hainbeste jo krisiak.

Adibideetako bat SIPRI Stockholmeko Nazioarteko Bakearen Ikerketarako Institutuak eman du. Armagintzan aritzen diren munduko ehun enpresa nagusiek 2011an 345.016 milioi euro ingururen salmentak izan zituzten, aurreko urtean baino %14 handiagoak. Ehuneko zerrenda horretan, Lockheed Martin zen buru, urtean 26.867 milioi dolarren arma salmentekin. Salmenta osoen %78 lortu zuen armen bidez. AEBetako enpresaren atzetik, lehen hamarren artean, herrialde bereko beste sei zeuden.

2011ko zerrendan ez da ageri euskal enpresarik. Gertutasunagatik ezagunak diren hainbat bai. Hor daude Frantziako Thales, Safran, DCNS, Eurocopter Group, EADS Astrium, CEA, MBDA France eta Nexter, eta Espainiako, CASA, Navantia eta Indra. Alabaina, Euskal Herriko enpresa askok hornitzen dute industria militarra.

Lurretik, uretatik nahiz airetik egiten dira gerrak, eta industria ere mota guztietakoa da. Kataluniako Centre d’Estudis per a la Pau JM Delas erakundeak badu industria militarrean aritzen diren Euskal Herriko enpresen zerrenda bat. Aeronautikan aritzen direnak nabarmentzen dira, besteak beste: Aernnova Aerospace (Miñao, Araba), Aerospace Engineering Group (Abanto, Bizkaia), Grupo Alcor (Gasteiz), M. Torres (Elortz, Nafarroa), Saft Systems Iberica (Miñao, Araba), Sapa Placencia (Andoain, Gipuzkoa) eta Industria de Turbo Propulsores (Zamudio, Bizkaia). Urriaren 1etik 4ra, Bilbao Exhibition Centren Aerotrends azoka egingo da. Aeronautika sektoreko munduko enpresarik garrantzitsuenak bilduko dira, eta han izango dira SIPRIren zerrendan; hau da, armen bidez diru gehien irabazten dutenen zerrendan, ageri direnetako asko.

Euskal industria militarraren barnean, elektronika da beste arlo garrantzitsu bat, armek darabilten teknologiaren diseinua. Sener da nagusi (Getxo, Bizkaia). Besteak beste, zaintzarako teknologia, tiro sistemak edota misilen kontrol sistemak egiten ditu. JM Delas erakundearen arabera, ekoizpen osoaren laurdena baino gehiago egiten du industria militarrerako. Pistolak egiten dituzte Ardesak (Zamudio, Bizkaia), Asaeyk (Donostia), Aya Aguirre y Aranzabalek (Eibar, Gipuzkoa) eta Beretta Benelli Ibericak (Tresponde, Araba) . Informazio teknologien hornitzailea da ITT Deusto (Bilbo) eta ontzigintzako artilleria ere egiten du Sidenor Industrialek (Gasteiz eta Basauri).

Ahalik eta oharkabeen

Enpresak saiatzen dira industria militarrari lotutako negozio hori oharkabean pasarazten, aurkezpen gutunik atseginena ez baita gerren hornitzaile zarela esatea.  Murrizketen garaiotan, gobernuek ere erakutsi nahi izan dute lehen adina ez dutela gastatzen industria militarrean. Baina oraindik gogor defendatzen dute  defentsa saila.
SIPRIren arabera, joan den urtean %0,5 murriztu zen munduko gastu militarra. Jaitsiera handia ez izan arren, esanguratsua da, bereziki 1998tik halako zerbait gertatzen den lehen aldia delako. Kontuan hartu behar da, gainera, %0,5 hori batez bestekoa dela, joera aldaketa handiak baitaude eskualdez eskualde. AEBetan eta Europa Mendebaldean eta Erdialdean murriztu egin da gastu militarra, baina Asian eta Europa Ekialdean nabarmen handitu.  Aipagarria da hiru herrialderen kasua: Txinan, Errusian eta Saudia Arabian, %175, %113 eta %111 handitu da gastu militarra, hurrenez hurrez. Oro har, Europako herrialdeek barne produktu gordinaren %1,5 eta %2 artean gastatzen dute arlo horretan. Gutxien gastatzen duena Islandia da, BPGaren %0,1 soilik, eta gehiena Errusiak, %4,4.

Irakeko adibidea

Hain zuzen, arlo publikoren eta pribatuaren arteko nahasketan oinarritzen da herrialdeen segurtasuna, baita gerrak ere. Maiz errepikatu da gatazken kostuak herritar guztien artean ordaintzen direla eta irabaziak esku pribatu gutxi batzuek berenganatzen dituztela. Azken adibidea, Irakeko gerrarena izan daiteke. Martxoan bete ziren hamar urte AEBen esku hartzetik. Joseph E.Stiglitz Nobel saridunak eta Linda Bilmen Harvard Unibertsitateko irakasleak egindako ikerketaren arabera, AEBek 1,3 bilioi euro inguru gastatu zituzten Irakeko gerran. Afganistan eta Pakistango esku hartzeak ere kontuan hartuz gero, 3 bilioi eurokoa da egindako gastua. Horrez gain, urteetako aparteko gastua pilatu du herrialdeak, gerrako beteranoei eta haien familiei ordaindu behar baitie. Hamar urtean, 103.055 milioi euro erabili beharko ditu haiei ordaintzeko.

Bi ikerlarien arabera, gerrak bi irabazle bakarrik izan zituen: petrolio konpainiak eta kontratistak. Azken horiek, 138.000 milioi dolar inguru irabazi zituzten Irakeko gerrari esker. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.