Egoera ekonomikoa

Gerra komertzialaren faktura 2020. urtean: 631.000 milioi euro

NDFek «bake komertziala» egitera deitu ditu Txina eta AEBak; Trumpek esan du Pekin ez dela «dagokion mailan ari» negoziazio prozesuan, eta Txinak ukatu egin du akordioa arriskuan dagoela

Kristalina Georgieva NDFeko zuzendaria. ERIK S. LESSER / EFE
xabier martin
2019ko azaroaren 21a
20:03
Entzun

Munduko ekonomia hoztu egin da, eta gripeak jo dezake protekzionismoaren birusaren aurkako neurriak hartzen ez badira lehenbailehen. Kristalina Georgieva NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak argi esan zuen atzo Pekinen egindako goi bileran: «Moteltze sinkronizatu bat» gertatzen ari da, eta, ziklo aldaketa hori urrunegi joan ez dadin, «harreman multilateralak» dira txerto onena; alegia, norbera bere kabuz muga zergak ezartzen ibili gabe, munduko erakundeen barruan erabakitzea dela bidea. Trump aipatu gabe, harentzat da NDFren mezu argia.

Izan ere, Txinaren eta AEBen arteko gerra komertziala arrasto argia uzten ari da azken urtean, eta kopuru makroak uste baino azkarrago ari dira okertzen. Georgievak datu deigarri bat eman zuen: 2020. urtean, 631.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da gerra komertzialaren faktura. Gogoratu zuen, halaber, munduko hazkundearen aurreikuspena 2019rako %3 dela, «azken hamarkadako apalena». Munduko BPGaren %90 moteldu egin zen 2018an; duela bi urte, PBG horren %75aren hazkundea azkartu egin zen. Hau da, moteltzea saihestezina da jada, baina, urrunegi joan ez dadin, Nazioarteko Diru Funtseko gidariak eskaera zehatza egin zien Washingtoni eta Pekini: «Su-eten komertzialak bake komertziala bihurtu behar du».

Nahiak dira bat, eta errealitatea, ordea, bestea. Brexit-ak nola bukatzen duen, horren arabera oker daiteke are gehiago nazioarteko ekonomia, Kristalina Georgievak aitortu zuenez. «Ekonomia moteltzen denean, mundu osoari eragiten dio, baina modu berezian ahulenei. Horregatik, babes sozial sendoak beharko dira». Datorrena larria izan daitekeela batzuentzat, esku hartzen ez bada «modu azkarrean». Dena den, 2020rako %3,3ko hazkunde aurreikuspenari eutsi dio Nazioarteko Diru Funtsak bere azken jakinarazpenetan.

Trumpi dagokion maila

Haatik, Donald Trumpek irmo jarraitzen du Etxe Zurira iritsi zenetik erakutsitako estrategiarekin: nazioarteko erakundeei entzungor egitea. Jarrera horri eutsi zion atzo, muga zergen gerraren berri ematean. «Txina ez da dagokion mailan ari», esan zuen. Oraintxeko negoziazioan eragiteko diren ala ez alde batera utzita, ez dira konfiantza sustatzeko moduko hitzak.

Negoziaketa ez doa gaizki, ordea, Pekinen arabera, eta potentzia biek joan den hilean egindako akordiorako oinarria ez dago arriskuan. «Momentuz ez daude xehetasun gehiago, baina ez dira egiazkoak zabaltzen ari diren esamesa ezkorrak», erantzun zion Gao Fen Merkataritza ministroak Trumpi.

Batera edo bestera, akordioaren lehen faseak sinatu gabe jarraitzen du, eta muga zergek, bere hartan. Washingtonek esan zuen akordio hori zegokion epean sinatuko zuela, baina ez da horrela izan, eta Trumpek eta Xik ez dute hitzordurik adostu, Txilen bertan behera geratutako goi bileraz geroztik. Horregatik, ezkortasuna zabaltzen ari da muga zergak are gehiago gogortzeko Trumpen mehatxuaren ondoren.
Kontua da laster mugarri batera iritsiko direla alde biak: abenduaren 15ean indarrean sartuko da %10tik %15erako muga zergen igoera Txinako produktuentzat. Trumpen esku dago urrats hori ez egitea, baina negoziazioaren emaitzen araberakoa izango da haren erantzuna, noski.

Esportazioak gora Hego Euskal Herrian

Munduko merkatuetan egondako okertze orokorra eragiten hasi zaio jada euskal ekonomiari, Eusko Jaurlaritzak berak onartu duenez; logikoa da, haren izaera esportatzailea kontuan hartuta, baina irail arteko esportazioen datuak ezagutu ziren atzo, eta ez dira txarrak izan, jokozelai lokaztuan ere emaitza onak izan baitituzte. 26.387 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, iaz epe horretan baino 554 milioi gehiago (+%2,1). Ekipo ondasunak dira gehien esportatu diren produktuak: 9.357 milioi (+%7,8). Ondoren, autoak: 6-625 milioi (+%3,1). Inportazioak, berriz, 19.143 milioi izan dira, 443 milioi gehiago (+%2,3). 

Industriaren salmentak, berriz, %2,1 jaitsi dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hobea da eskaeren atalak ekarritako kopurua: %2 igo dira urteko epe berean. Nafarroan are hobea da datua: 2018ko urtarriletik irailerako tartean baino %24,3 eskaera gehiago sartu dira, eta salmentak ere hobeak izan dira: %17,1. Volkswagenen jardueraren eboluzioak erabat baldintzatzen ditu datu horiek Nafarroan, noski. Baina Petronorrek Bizkaian, Mercedesek Araban eta CAFek Gipuzkoan egin dezaketen bezala, bestalde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.