Hego Euskal Herriko merkatalgunerik handienak, 80.000 metro koadrorekin, azaroan zabalduko ditu ateak.
Izango duzuen eragina neurtu duzue?
Urtarrila bitartean salmenta handiak espero ditugu, ikusminari esker. Baina halako gune batek bi edo hiru urte behar ditu bere abiadura lortzeko. Azalera handia ez da bakarrik dendak biltzea, gero publikoa erakarri behar da. Gure eskaintzari eusteko zortzi milioi bisita behar ditugu urtero. Gure eragin eremua 350.000 biztanlekoa denez, pentsa zenbat bezero behar ditugun.
Boulevard zabaltzeak iraultza txikia eragin du hirian. Zer deritzozue?
Ez da apaltasun falta, baina uste dut Gasteiz On bezalako esperientziak, oso interesgarriak, ez zirela sortuko geu egon izan ez bagina. Halako esku-hartze batek eragin itzela du, eta alde onak nahiz txarrak. Gasteizek, garatzen ari denez,shock bat behar zuen bere merkataritzan. Hilabete batzuetan jende batek eragina igarriko du, baina, epe hori gaindituta ondorio onuragarriek kaltegarriak biderkatuko dituzte. Horrez gain, hiriguneaz landa beste motore bat sortuko da Zaramagan.
Bada Boulevardean denda txikiak irentsiko dituen munstrua ikusten duenik.
Merkataritza oso tradizionalak espezializatu beharko du, bere tokia bilatu, baina erosketa mota asko dago. Ogia erosteko ez zara joango merkatalgunera. Gainera, Gasteizek oso denda onak ditu, bezero fidelak, eta ez diote joateari utziko geuk zabaltzeagatik. Elkarrekin bizi gaitezke, eta merkatalguneak eragin ona izango du, ez bakarrik merkataritzan, baita hirigintzan ere. Bost urte barru inork ez du ezagutuko nolakoa zen Zaramaga. Gure etorrerarekin, ziur nago, ia efektu guztiakonuragarriak izango dira Zaramagarentzat.
Zeintzuk dira zuen asmoak lehia gainditzeko?
Merkataritza, errestaurazioa eta aisia batzen ditugu. Ez da bakarrik erosteko tokia, bilgune hiritarra baizik. Jendea hara kafea hartzera joatea nahi dugu. Beti izango baita zerbait, erakusketa bat edo kontzertu txiki bat. Zer egin ondo ez dakizunean aukera ugari eskainiko ditugu.
MERKATARITZA EREDUAK
«Geuk eragindako ondorio ia denak onak izango dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu