Gipuzkoa bere kasa hasi da zerga sistemaren erreformarekin

PSEk, Bilduk eta Aralarrek «berdintasuna, progresibitatea eta eraginkortasuna» handitzeko neurri sorta bat proposatu duteOndare zergarekin ehun eta berrehun milioi artean lortuko liratekeela dio Agirrek

Idoia Ormazabal Bilduko bozeramailea, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan alderdi politikoek ez zuten gehiegi hitz egin nahi izan zerga sistemaz. Diru kutxen egoera ikusita, argi zegoen zerga arloan aldaketak etorriko zirela. Akordioak behar dira horretarako, eta diputazio bakoitza alderdi politiko ezberdin baten esku egoteak eta Jaurlaritzan beste batek agintzeak ez ditu gauzak errazten. Orain artean, Gipuzkoan soilik izan dira gai irizpide batzuk hitzartzeko. PSE-EEk, Bilduk eta Aralarrek euren botoak batu dituzte batzar nagusietan, eta azken alderdi horrek proposatutako zuzenketa bat onartu zuten atzo. Haren bidez, «berdintasuna, progresibitatea eta eraginkortasuna» lortzeko neurri sorta bat indarrean jartzeko agindu diote Gipuzkoako Diputazioari. EAJ abstenitu egin da, «zehaztasun faltagatik», eta PPk aurka bozkatu du.

Aberatsek gehiago ordain dezaten neurriak hartzea. Hori da proposamenetako bat. Horretarako, ondareen gaineko zerga berriro jartzea eta ondorengotza zergaren tasa igotzea nahi dute hiru alderdiek. Errenta zergan ere planteatu dituzte aldaketak: alde batetik, errenta altuenei presio fiskal handiagoa ezartzea; bestetik, eskalan zati gehiago jartzea, gehienezko tasa «dezente» handitu eta progresibitate gehiago lortu ahal izateko. Era berean, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetara egindako ekarpenei kenkariak kentzea da asmoa, pixkanaka, legegintzaldi amaierarako batere kenkaririk ez izateraino.

Sozietate zergaren barruan enpresei egiten zaizkien kenkariak ere aztertu behar direla diote, eraginkorrak diren edo ez ikusteko. Kenkarien helburua enplegua sortzea izan behar dela zehaztu dute. Hitzartutako beste puntuetako bat zerga iruzurrari buruzkoa da. Zigor handiagoak jartzea da proposamenetako bat.

Idoia Ormazabal Bilduko bozeramailearen esanetan, zergasistema «oso bidegabea» zen orain artean, «lan errentak eta kapital errentak ez direlako berdin zergapetzen». Rafaela Romero PSE-EEko batzarkideak dio ongizate estatua mantentzea «zenbaki eta erabaki politikoen menpe» dagoela, eta hala erakutsi dute «Gipuzkoako indar aurrerakoiek». Rebeka Ubera Aralarreko kideak esan du ekimena onartu izana «legegintzaldia beste era batera hasteko aukera ona» dela.

Itziar Agirre EAJko ordezkariak «zehaztasun falta» egotzi die PSE, Bildu eta Aralarri. Dena den, puntu batzuk eztabaidatzeko prest agertu da, zerga iruzurrarena kasu. PPko Juan Carlos Canorentzat gainerako lurraldeekin harmonizatu behar dira zergak, «enpresen lehiakortasunari laguntzeko».

EAJk eta PPk zergak igotzeko asmorik ez dutela erakutsi dute oraingoz. Bi alderdiek akordioa lortu dute Bizkairako, baina zerga iruzurraren aurkako borroka gogortu egin behar dela, hori esatera mugatzen da. Ondareen gaineko zerga berriz jartzeko ere baldintza bat jarri du Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak: inguruko herrialdeek ere jartzea.

Bada, Carlos Agirre Ekonomia sailburuak ondareen gaineko zergak ekarriko lituzkeen diru sarrerei buruzko datuak eman zituen atzo. Haren arabera, ehun eta berrehun milioi euro artean lortuko lirateke, eta 14.000 lagun inguruk ordaindu beharko lukete. 2008an, zerga hori indarrean egon zen azken urtean, 180 milioi eskuratu ziren.

Agirreren arabera, azken hiru urteetan bost puntuan jaitsi da presio fiskala. Horren eraginez, 3.500 milioi euro utzi dira bildu gabe. Presio fiskala Europako mailara igoz gero, administrazioen defizit arazoa konponduko litzatekeela dio, «superabitean sartzea ere posible litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.