Goizeko lehen orduetatik piketeak kaleetan, dendak itxita eta industrialdeetan ohi baino askoz auto gutxiago. Itxura hori eman zuen atzo Gipuzkoak. Grebak erantzun handiena hor izan zuen.
Debagoieneko kooperatiba askok eman zioten babesa protestari, esaterako Fagor taldekoek. Lantegi askotan deialdia ez da bete beharrekoa izan, eta langile bakoitzaren esku egon da lanera joan edo ez erabakitzea. Industriak eragin handia duen eskualdea da Goierri. Ia erabat geratuta egon zen atzo. LABeko ordezkariek azaldu zutenez, lantegi txikiren batean lanean hasi arren, informazioa emandakoan haiek ere lanari uztea erabaki zuten. CAFen bozketa egin zuten, eta alde handiz irabazi zuten greba egitearen aldekoek. Zaldibiako Orklin greba ez zen bete beharrekoa izan. Hala ere, gehienek lanera ez joatea erabaki zuten. Aitzitik, Olaberriko ArcelorMittalen grebarik ez zen izan.
Azpeitiko Corrugadosen ere %30 baino oihartzun txikiagoa izan zuen lanuzteak. Alabaina, herriko beste enpresa handi gehienetan bat egin zuten grebarekin. Era berean, dendak itxita egon ziren, eta gutxieneko zerbitzuak eskaini zituzten udaletxeaneta osasun etxean. Tolosaldean, jende ugari ibili zen piketeetan. Momentu batean, Ertzaintza oldartu egin zitzaien. Eskualdeko enpresa gehienak itxita egon ziren.
Oiartzualdean, Pasaiako Portua erabat geldi egon zen, baita Lezoko, Oiartzungo eta Errenteriako industrialdeetako enpresa gehienak ere. Gutxieneko zerbitzuek grebaren eragina «desitxuratu» zutela nabarmendu zuten sindikatuetako ordezkariek. Bidasoan, gainerako eskualdeetan baino arrakasta txikixeagoa izan zuen grebak. Alabaina, Irungo komertzioetan «ohi baino eragin handiagoa» izan zuela nabarmendu zuten langileen ordezkariek.
Donostian, Parte Zaharra erabat itxita egon zen, eta erdiguneko saltoki gehienak ere bai, goizean behintzat. Piketeak pasatu ahala, ireki egin zituzten batzuk. CNTko hainbat ordezkari identifikatu egin zituen Ertzaintzak.
Eguerdian bertan egin zuten herrialdeko manifestazio nagusia. Eskualde bakoitzak abiapuntu bat izan zuen, eta Artzain Onaren katedralaren aurrean elkartu ziren guztiak. Bi traktore eta hiru kamioik ireki zuten protesta, eta pankartan grebara deitu zuten sindikatuetako ordezkariak joan ziren. Bulebarrean amaitu zen.
Bestelako iritzia eman du Adegik. Haren arabera, Gipuzkoako langileen %28k bakarrik egin zuten greba. Halaber, piketeek izandako jarrera gaitzetsi du. Enpresa batean 60 pertsona sartu eta kalte handiak eragin zituztela dio.
Greba orokorra. Herrialdeak
Gipuzkoa Ia geldirik, Debagoienetik Bidasoaraino
Aurreko grebetan ez bezala, kooperatiba askok bat egin dute gehiengo sindikalaren deialdiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu