Fiskalitatea

Gipuzkoak 18,9 milioi gehiago bildu zituen zergetan iaz, 2011n baino

Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 3.615,6 milioi euro bildu zituen iaz. Zuzeneko zergak %3,6 hazi dira, eta zeharkakoak %3,6 jaitsi. Aldundia "pozik" agertu da 2011ko datuak %0,5 hobetu dituelako.

Jon Fernandez.
2013ko urtarrilaren 18a
15:00
Entzun

Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak azaldu du 2012rako aurreikuspenak bete direla, eta horrek "lasaitasun pixkat" ematen diola aldundiari 2013ko aurrekontuak betetzeko. Iazko lehen seihilekoan zerga bilketak jaitsiera handia izan arren, bigarren zatian bilketa suspertu eta egonkortu egin zela adierazi du. Pertsona fisikoen errenta zerga (PFEZ) %0,7 hobetu da, baina lan atxikipenek %0,2ko jaitsiera izan dute (3,1 milioi euro gutxiago bildu dituzte).

Minerren arabera, batez ere ondare zergaren berreskurapenak (38,8 milioi bildu dituzte) eta sozietateen zergaren %3,4ko igoerak lagundu dute 2011ko datuak hobetzen eta beste zerga batzuen beherakadak konpentsatzen. BEZaren bilketak, adibidez, %4,7 jaitsi ziren 2012an. "Testuinguru zail honetan"  zerga bilketa hobet izana balio handikoa dela nabarmendu du Minerrek, eta aldundiak sustapen ekonomikorako eta politika sozialetarako baliabide gehiago lortu dituela gogorarazi du.

Aurten bi proiektu nagusi ditu Gipuzkoako Aldundiak zergen alorrean. Batetik, iruzurraren aurkako foru arau bat lantzen ari dira, eta datorren hilabeteetan onartzea espero dute. Bestetik, sozietateen zergen proiektu berri bat ere lantzen ari dira, gaur egun enpresek jasotzen dituzten kenkari gehienak ezabatzeko asmoarekin. Bi proiektuetan "negoziaziorako prest" agertu da Miner, "etxe barruan zein gainontzeko diputazioekin". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.