Gipuzkoako ekonomiaren dezelerazioa moteltzen ari da, baina oraindik ez da gelditu. Lehen hiruhilekotik bigarrenera bertako ekonomia %0,4 uzkurtu da, lehen hiruhilabeteko %2,1 baino gutxiago, baina uzkurdura azken finean. «Ez dugu hondoa jo», ohartarazi zuen atzo Jose Maria Etxarri Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidenteak. «Gipuzkoako ekonomia ez da joera aldaketa garbian sartu», gehitu zuen Agustin Eizagirre erakundeko zuzendariak.
Errealitatea erakundeen aurreikuspenak baino gordinagoa dela erakusten ari da hilabetea joan, hilabetea etorri. Gipuzkoako Merkataritza Ganberak berak, urte hasieran, BPG barne produktu gordinaren %0,2ko hazkundea espero zuen aurtengo urte amaierarako. Atzo, aldiz, %2,5 eta %3 arteko hazkunde negatiboa iragarri zuen, %3tik gertuago %2,5etik baino. Hurrengo urterako ere hazkunde negatiboa espero du, %0,8koa.
Merkataritza Ganberak inkesta egin zuen uztailean bazkideen artean, eta erantzunek enpresen egoeraren larritasuna erakutsi zuten: beren produkzio ahalmenaren %73 erabiltzen ari dira. Duela urtebete portzentaje hori %86koa zen, eta duela bi urte %90ekoa. Industriako konfiantza maila 1992ko amaieraren parekoa da.
Gaitasun produktiboaren erabilera are txikiagoa zen Adegik apirilean bere bazkideen artean egindako inkestan: %67koa.
Alemania eta Frantzia
Gipuzkoako ekonomia, neurri handi batean, Frantziara eta Alemaniara begira dago. Gipuzkoako esportazioen erdiak Espainiara egiten dira, baina Espainian ez da kimu berderik ageri. Frantziak eta Alemaniak, aldiz, zenbait hilabeteko atzeraldiaren ostean, %0,3ko hazkunde positiboa izan zuten azken hiruhilekoan. Eta Gipuzkoako enpresen hiru esportazioetatik bat Alemaniara edo Frantziara egiten da.
Ikusteko dago datu itxaropentsu horrek zer-nolako eragina izango duen Gipuzkoako enpresentzat. «Ez dakigu ze momentutan iritsiko diren albiste on horien ondorioak, ez eta ze erritmotan», esan zuen Agustin Eizagirrek.Erakundeak berak esan du ezin duela ziurtatu susperraldia gertatzen denean w formako susperraldi faltsua gertatuko ez denik.
Krisiari aurre egiteko, Merkataritza Ganberak zenbait jarduera antolatu ditu: laguntza eskainiko die enpresei nazioarteko merkatuetara zabaltzeko; urtea amaitu bitartean enpresarioen bidaiak antolatu dituzte Txinara, Poloniara, Taiwanera, Japoniara eta Mexikora; energia berriztagarrien inguruko enpresak nazioartean sustatuko ditu; eta prestakuntza bultzatuko du.
Gipuzkoak oraindik ez duela hondoa jo ohartarazi du Merkataritza Ganberak
BPGaren hazkunde negatiboak iragarri ditu, %3 ingurukoa urte amaieran eta %0,8koa 2010ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu