Gastua diru sarreretara egokitzea izango da Gipuzkoako Ogasun Departamentuak datozen urteetan egingo duen politikaren funtsa, Helena Franco diputatuaren hitzetan. Horrenbestez, gutxiago gastatzeko neurriak bai, baina diru sarrerak handitzekoak ere hartu beharko ditu. Horren haritik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) parte bat igo nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ondarearen gaineko zerga berriz indarrean jarri. Proposamena urtea bukatzerako egingo duela iragarri zuen atzo Ogasun diputatuak.
Murrizketei dagokienez, «esparru batzuetan beste batzuetan baino gehiago» nabarituko dituztela aurreratu zuen Francok. Errenta espekulatiboak zigortzeko, ekonomia errealetik eta ekoizpenetik datozenak saritzeko eta zergetan progresibotasun handiagoa ezartzeko asmoa ere erakutsi zuen, sistema zuzenago batek gizarte kohesioa sustatuko duela iritzita. PFEZ eta ondare zerga ez ezik, EAEko Ekarpen Legea berrikusi nahi dutela ere adierazi zuen Francok, egun dauden desorekak zuzentzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko kontuetan atzemandako 101 milioi euroko zuloa nola estaliko duten ere azaldu zuen. Gastuetan topatu zuten 35 milioi euroko desoreka konpontzeko, gastuen atala berriz antolatuko dutela esan zuen; zerga bidezko diru sarrerak gutxitzeak eragindako 66 milioi euroko desorekari buelta emateko, berriz, kutxan gordeta zeuden 73 milioi euroak erabiliko dituztela. Markel Olano aurreko ahaldun nagusiak aurreratu zuen bazegoela gobernu berriak topatutako zuloa tapatzeko adina diru.
AEBetan ere, defizitaren aurka
AEBetan, berriz, defizit publikoa hiru eta lau bilioi dolar artean murrizteko plana aurkeztu zuen atzo Barack Obama presidenteak. «Ez genuke behartsuen eta langileen bizkar murriztu behar, bestela gure seme-alabak izango dira zorra ordainduko dutenak». Hala, Warren Buffet munduko gizonik aberatsenetakoari kasu eta urtean milioi bat dolarretik gorako errentak zergapetzea proposatu zuen, besteren artean. Orain hasiko dira eztabaidatzen.
Gipuzkoak PFEZa igo nahi du, eta ondare zerga berrezarri
Aldundiaren kontuetan atzemandako zuloaren zati bat kutxan dagoen diruarekin estaliko dutela esan du Francok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu