Berlingo ITB turismo azokan gertatutakoarekin egin du gainezka Gipuzkoako Diputazioren eta Donostiako Udalaren pazientziak. Sektoreko azoka garrantzitsuenetakoa da hura, 200.000 bisitari hartu ditu aurten. Erakusle moduan parte hartu zuten Gipuzkoako ordezkariek, baina salatu dute euren papera ikusle huts izatera mugatu zela.
Gogor salatu dute Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren jokaera. Erakundearekin harremanetan jarri ziren azoka hasi aurretik, ea Berlinen zer erakutsi asmo zuten jakiteko. "Esan ziguten arazoak izan zituztela kokaleku bat eskuratzeko, eta pentsatu zutela Bizkaiak kontratatuta zuen gunean egitea EAEren promozio osoa". Azokara joandakoan "engainatuta" sentitu zirela azaldu dute Iker Ruiz Egino diputazioko Turismo zuzendariak eta Josu Ruiz Donostiko zinegotziak. Puppyren eskultura handi bat zegoen erakustokia apaintzen, eta Bizkaiarena zen ia presentzia osoa. Donostia 2016ri buruzko aipamen bakar bat ere ez zegoen.
"Ulergarria da zailtasunak dituen ikasle bati laguntza gehigarria ematea, baina bere neurrian", esan du Ruiz de Eginok, zehaztuz Jaurlaritzak turismo sustapenera bideratzen duen diruaren %62,5 jasotzen duela Bizkaiak, %26 Gipuzkoak eta %14,5 Arabak. Haren esanetan, datu horiek ez datoz bat herrialde bakoitzak BPGari egiten dion ekarpenarekin.
Salaketa ez dela amorrualdi baten emaitza gaineratu dute, "errealitatea" baizik. Azaldu dute ezberdintasunak are ageriokoagoak direla kongresuetan, Jaurlaritzaren parte-hartzearekin egiten diren gehienak Bizkaian egiten direlako. Zehaztu dute Basquetourrekin elkarlanean jarraituko dutela Basque Country markak babesten, baina halako ezberdintasunak salatu egingo dituztela.