2015-2019 arteko legegintzaldian, urtero 27 milioi euroko gastua industriara bideratzeko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta 2018.ena talentuaren urtea izango dela esan daiteke. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, "funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna mantentzeko eta indartzeko talentua sortzea, erakartzea eta atxikitzea. Horregatik estrategia oso bat garatuko du Aldundiak, enpresetako lantaldeen gaitasunak indartzeko, talentua sortzeko hezkuntza zentroetan eta zentro teknologikoetan, eta atzerrira joandako gipuzkoar talentudunak erakartzeko. Atzerritarrak Gipuzkoara erakartzeko aukera ere ez du baztertzen estrategia horrek.
Lau milioi euroko aurrekontua izango dute hainbat esparrutan eragingo duten programek. Hamasei neurri zehatzetan gauzatuko da estrategia, besteak beste Gipuzkoako enpresek eta teknologia zentroek eskatzen dituzten profil espezializatuak sortzeko, edota kanpotik erakartzeko. Ainhoa Aizpuru Ekonomiaren sustapeneko diputatuak gogoratu du 7.000 lanpostu daudela lurraldean bete ezin direnak, enpresek ez dituztelako langile egokiak aurkitzen. Horregatik, bost lan ildo azaldu ditu talentuaren esparruan garatzeko.
Lurraldean talentuaren ekosistema bat sortu behar dela esan du lehenik, eta Talentuaren aldeko hitzarmena egiteko ekinaldia martxan dagoela jakinarazi du. "Eragileen aliatua da lurraldearen gobernantza eredua", baina talentuaren jarraipen sistematikoa, koordinazioa eta sustapena, elkarlanean egin beharrekoa dela azaldu du. Talentua erakartzea litzateke bigarren ildoa; Gipuzkoa Talent plataforma teknologikoa aipatu du atal horretan, baita lurraldearen marketina ere, "atzerritik datorrenak bizitza proiektua Gipuzkoan egitea interesgarri ikus dezan". Talentua sortzea da hirugarren zutabea; Talentia programa sartu du multzo horretan, baita gaztetatik talentua garatzeko beste hainbat ekimen ere. Telentua atxikitzea da laugarrena; horretarako talentuari lotutako enpresak trebatzea proposatu du, alegia, enpresak erakargarri egitea langile talantudunak joan ez daitezen, edo kanpotik bertara etortzea erabaki dezaten. Eta bosgarrena eta azkena, fiskalitatea da, talentuari laguntzeko tresna gisa. Kanpotik datozen telentudunek hobari batzuk izango dituztela iragarri du.
Pertsonak, lehiakortasunaren gako
Gipuzkoaren BPG barne produktu gordinaren %28 industriak ordezkatzen duela gogoratu du Markel Olanok, enpleguaren %24 ematen duela, eta industruari lotutako zerbitzuak eta beste hainbat jarduera lotuz gero, portzentaje horiek askoz ere handiagoak direla. "Industriak egiten du indartsu lurralde hau, eta industriari esker eusten diogu ongizateari". Europako abanguardian jarraitzeko lehikortasuna handitu beharra dagoela esan du ahaldun nagusiak, eta horretarako pertsonak direla gakoa, langile espezializatuak, talentudunak. Olanok dio euskal enpresek lehia handia dutela gaur egun langile talentudunak bereganatzeko, eta "ezinbestekoa" jo du talentuaren aldeko paktua gauzatzea, gaur egun hutsik dauden lanpostuak bete daitezen enpresetan.
Maiatzetik aurrera hainbat programaren deialdiak hasiko dira, enpresentzat, zentro teknologikoentzat eta hezkuntza arloarentzat. Trebakuntza programak dira gehien bat, betiere talantua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko. Zein profiletan kokatzen duten talentua? Ingeniariak dira batez ere, adimen artifizialean dabiltzan langileak, robotikan, digitalizazioan, automatizazioan, zibersegurtasunean... 4.0 industriaren barruan sartzen diren espezializazioetan aurkitzen da talentua. Gipuzkoak 9.000 hiritar atzerrian dituela erantsi du Ainhoa Aizpuruk, Alemanian, AEBetan edota Frantzian, talentuarekin lotutako jardueretan. Horiek erakartzea helburu bat dela esan du.
Bestalde, Donostiako Zuatzun Gipuzkoako zibersegurtasunari buruzko zentroaren lanak aurrera doazela esplikatu du, eta zuzendari nagusia eta zuzendari kudeatzaileak hautatzeko prozesuak martxan daudela. Maiatzerako zuzendari nagusia izendatua egongo dela espero du Gipuzkoako Aldundiak, eta zentroa bera udan martxan egoeta, irailerako bukatua beharko lukeelako. Hala ere, epeekin zuhurtzia azaldu du Aizpuru diputatuak.