Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiak babesa kendu dio kutxen bat egiteari, EAJk eta PPk Kutxabanken Administazio Kontseiluan egoteko egin duten akordioarengatik. Akordio horrek orain dela hiru hilabete aldundiarekin adostu zutena baliogabetzen duela jakinarazi du, eta eragindako kaltearen aurrean zer egin erabakitzeko zerbitzu juridikoak jarri dituela lanean.
"EAJ eta PP alderdiek Kutxabank erakundearen administrazio kontseilu berria osatu dute, aniztasunari muzin eginez eta herri honen ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bati bizkarra emanez. Gipuzkoako Foru Aldundiak publikoki akordio honekiko erabateko desadostasuna azaldu nahi du", esan du Garitanok.
Udal eta foru hauteskundeen emaitzak gogoan
Maiatzeko hauteskundeetan gipuzkoarrek babes gehien Bilduri eman ziotela gogorarazi du ahaldun nagusiak, eta EAJk eta PPk "gipuzkoarrak eta euren nahia alboratu" dituztela gaineratu du. "Irudi luke bi alderdiok ez dituztela onartu azken udal eta foru hauteskundeen emaitzak".
Adminstrazio Konseiluaren murrizketa juridikoki "larria eta eskandalagarria" dela dio, eta "azterketa juridiko sakona" iragarri du "hala behar izanez gero" neurri eta erabaki juridikoak ere hartzeko. "Kutxabank entitate berrian Gipuzkoaren pisua eta eragina erabat kaltetuak suertatu direlako eta egin duten urratsa zenbateraino legezkoa den jakin ahal izateko".
PSE-EE ere, akordioaren aurka
EAJk eta PPk Kutxabankeko Administrazio Kontseiluko ordezkaritza banatzeko akordioa egin zuten aurreko astean, PSE-EE eta Bildu kanpoan utziz. Hamabost ordezkaritik hamalau izatea adostu dute: EAJk hamar, eta PPk lau. Hala ere, Kutxen Legeak aurrera egiten duenean horrek kutxen batzarren berritze prozesuan eragin dezakeela esan du Jaurlaritzak, garaiz sartzen bada indarrean. Izan ere, ordezkariak aukeratzeko modua aldatuko dute.
PSE-EEk mozio bat aurkeztu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ eta PPren arteko akordioaren aurka. Rafaela Romero bozeramaileak esan duenez, alderdi horien interesarako egin dute. Lehentasuna eman diote, gainera, mozioari. Kutxabanki babesa eman baina Administrazio Kontseiluaren osaketaren aurka bozkatzera deitu dute sozialistek, "ez duelako islatzen alderdiek bat egin duten entitateetan duten benetako pisua".
Erabakia zuzentzera deitu ditu Romerok alderdiak.