Gipuzkoako Aldundiak beste urrats bat egin nahi du gehien daukatenei gehiago eskatzeko politikan. Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren bidez, pertsona fisikoen aberastasuna zergapetu nahi dute. 700.000 eurotik gorako aberastasunak dituztenei eragingo die (milioi bat euro duten gehienei, ohiko etxebizitzagatik 300.000 euroko salbuespena mantenduko baita). Tasa horrek lau tarte izango ditu, %0,25-%1 artekoak, eta batzar nagusien onarpena izango balu, 2013tik aurrera ezarriko lukete. Hala jakinarazi dute gaur goizean Helena Franco Ogasun diputatuak eta Itziar Miner Zerga Politikako zuzendariak Donostian.
Aldundiak egindako aurreikuspenaren arabera, 6.000 laguni eragingo die zergak (%1,5 PFEZn zergadunak direnekiko). Horietatik 3.000 laguni tasa minimoa ezarriko zaie, eta 400 laguni maximoa (hiru milioi eurotik gorako aberastasunak dituztenak).
Zuzeneko zerga izango da, izaera pertsonalekoa. Beraz, pertsona batek jabetzan dituen gauza guztiak hartuko dira kontuan: higiezinak, ondasunak, akzioak, partaidetzak, bitxiak, artelanak... Zerga berri horrekin aldundiak iaz ondarearen gaineko zergarekin bildutakoa baino %20 gehiago jasotzea espero du. Minerrek azaldu duenez, ondarearen gaineko zergarekiko duen aldaketa garrantzitsuenetako bat da ez direla salbuespen gisa hartuko jarduera ekonomikoei atxikita dauden ondasun eta eskubideak, ezta entitate jakin batzuetako partaidetzak ere (%75eko hobaria aplikatuko zaie).
Kuota osoaren gaineko muga ere desagertu egingo da. Horrela, tarifak ondare errealaren arabera aplikatuko direla gogorarazi du Minerrek. Aldiz, gizarteari edo ingurumenari "on" egiten dioten norbanako baten jabetzak edo horren erabilerak salbuespen gisa hartuko dira.
"Ulertzen dugu aberastasuna ahalmen ekonomikoaren adierazle bat dela, eta hori zergapetu nahi dugu zerga honen bidez", adierazi du Francok. Norvegia, Islandia eta Frantzia ezarri ditu adibidetzat.
Babes bila
Batzar nagusietan Bilduk babesa bilatu beharko du, aurretik PFEZ eta ondarearen gaineko zerga ezartzeko egin behar izan zuen bezala (PSE-EEren babesa izan zuen).
Ahalmen gehien dutenei ahalegin gehiago eskatzeko bide horretan, ondarearen gaineko zerga berreskuratu du Gipuzkoako Aldundiak (2008an kendu zuen aurreko gobernuak). Horren bitartez, pentsatzen zuten baino emaitza hobeak lortu dituzte: 35,5 milioi euro bildu dituzte iazko kanpainan, esperotakoa baino 6,5 milioi euro gehiago. Araban eta Bizkaian ere berreskuratu dute zerga hori, zenbait aldagairekin.
Hollande ere, "adibidea" ematen
Duela hamar egun pasatxo baieztatu zuen François Hollande Frantziako presidenteak aberatsenen irabaziei zerga bat ezarriko ziela. Hasiera batean %75ekoa izango zela zehaztu arren, hainbat aldaketaren ondorioz %67an geratuko da. Zerga hori 2.000-3.000 lagunek ordaindu beharko dute, 2013. eta 2014. urteetan. Erabaki horrek ez du diru bilketa handirik eragingo, baina, Hollandek berak onartu zuenez, “adibidea” emateko modua da, "ekintza sinbolikoa".