Osakidetzak enpresa pribatuen esku utzita dauka anbulantzien zerbitzua, eta Araba eta Bizkaiko langileek probintziako lan hitzarmena duten arren Gipuzkoakoek ez dute halakorik. Ondorioz, lan baldintza prekarioak dituztela salatu dute sektore horretako ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuetako ordezkariek.
Lanaldiari dagokionez, egunero 12 ordukoa dute —horietatik 3 itxaronaldi orduak dira, eta, beraz, enpresek ez dizkiete ez ordaintzen, ez aintzat hartzen—, eta oinarrizko soldata hileko 700 eurokoa da. Horrez gain, formazioaren alorrean hutsune handia dagoela salatu dute: 20 orduko sorospen ikastaro bat nahikoa dute lanean hasteko; aldiz, DYAko zein Gurutze Gorriko boluntarioei 50 orduko formazioa eskatzen diete, eta, esaterako, Extremaduran (Espainia) derrigorrezkoa da 350 orduko ikastaroa egitea anbulantzietan lan egiteko.
Segurtasunean, berriz, paziente psikiatriko artatzeko behar besteko babesik ez dutela salatu dute, eta atentatuen kasuan ez dagoela segurtasun protokolorik.
Horren guztiaren ondorioz, Gipuzkoako anbulantzietako langileen sektorea inolako egonkortasunik gabekoa dela agertu dute; hots, beste lan batzuk topatu bitartean aritzen dela jendea behar horretan.
Egoera bideratzeko hainbat eskari egin dituzte langileekhitzarmenean jasotzeko: batetik, lanaldia murriztea, eta, bestetik, %50eko soldata igoera lehen urtean eta %30ekoa hurrengo bietan. Halaber, lan hitzarmenahiru urterako izatea galdegin dute.
Zerbitzu minimoak direla eta,greba egingo dutenetz ez dago argi
Aldarrikapena aurrera eramateko lanuzte deia egin dute aipatutako sindikatuek azaroaren 2rako eta 3rako. Dena den, langileen eskasia eta lan baldintzen prekarietatea dela eta, ezarriko zaizkien zerbitzu minimoak %100koak izango direla uste dute langileek, eta, beraz, ez dago argi lanuztea aurrera eraman ahal izango dutenetz.
Beste zailtasun bat ere badute beren eskaerak aurrera eramateko: Osakidetzak enpresa pribatuen esku dauka utzita anbulantzien zerbitzua, eta beren eskaerak enpresetara eraman dituztenean haien erantzuna izan da Osakidetzera jotzeko, enpreaburuen arabera, EAEko osasun publiko zerbitzuak emandako diruarekin ezinezkoa delako baldintzak hobetzea. Osakidetzak, berriz, ardura enpresena dela erantzuten die, eta Araba nahiz Bizkaian enpresek diru kopuru bera jaso arren hango langileek badutela lan hitzarmena.
Zerbitzu eskasa
Funtsean, Gipuzkoako anbulantzia zerbitzuan gabezia handiak daudela utzi dute agerian langileek, eta, gainera, azken urteetan okerrera egin duela. Izan ere, egun hiru anbulantzia medikalizatu eta 21 oinarrizko daude probintzia guztirako, eta duela 20 urte 6 medikalizatu eta 50 oinarrizko zeuden. Ildo horretatik, OME Osasunerako Mundu Erakundeak agindutako anbulantzia ratioak Gipuzkoan ez direla betetzen salatu dute: OMEren arabera, anbulantzia medikalizatu bat egon behar du 122.000 biztanleko, eta egun 236.000 biztanleko dago anbulantzia medikalizatu bat.
Lan gatazka
Gipuzkoako anbulantzia zerbitzuaren gabeziak agerian utzi dituzte langileek
Gipuzkoako anbulantzietako ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek greba deitu dute azaroaren 2rako eta 3rako sektore horretako langileen lan baldintza eskasak salatzeko, eta , halaber, probintziarako lan hitzarmena eskatzeko. Bidenabar, Gipuzkoako anbulantzia zerbitzuak gabezia asko dituela utzi dute agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu