Merkataritza

Gipuzkoako dendariek diote %30-40ko galerak izan dituztela

2021erako aurreikuspenak ere ez dira onak, eta «sektorea berrantolatzeko urtea» izango dela diote. Merkealdiak arautzeko eskatu dute beste behin.

Denda bat itxita. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko urtarrilaren 7a
13:17
Entzun

Gipuzkoako merkatariek %30-40 inguruko galerekin itxi dute 2020. urtea, eta nabarmendu dute Eguberri eta Erregeen bezperetan saltokien ordutegiak murriztu izanak «fakturazio handia ekartzen zuten azken salmentak galtzea» eragin diela. Hasi berri den urte honetarako aurreikuspenak ere ez dira onak. «Sektorea birmoldatzeko edo berrantolatzeko urtea izango da».

Julen Maiz Gipuzkoako Merkataritza Federazioko presidenteak adierazi duenez, sektoreen eta azpisektoreen arabera, galerak handiagoak izan daitezke, «%100ekoak kasu batzuetan», eta gehien kaltetutakoen artean, besteak beste, bidaia agentziak eta kultur ekitaldiak egiten dituzten enpresak aipatu ditu.

Gaur hasi den merkealdiari dagokionez, esan du horrek ere ez duela askorako balio izango, «dei efektua» galdu egin delako, azken urteetako liberalizazioak urteko edozein unetan beherapenak egitea baimentzen baitu. «Logikoa denez, salmentarako garai erakargarria izan dadin, berriro arautu beharko litzateke».

2021ari buruz, Maizek urte «oso gogorra» iragarri du, eta Internet bidezko salmenta kaleko dendarien artean izaten ari den eragina nabarmendu du. «Negozio aukerak ondo aztertu beharko dira online salmentaren agerpenera egokitzeko, hori puntu fisikoko salmentaren kalterako baita. Zein hiri eta herrialde eredu nahi dugun galdetu beharko genioke geure buruari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.