Gipuzkoako Batzar Nagusietan sozietateen gaineko zergaz adostasunik lortzen ez zutela-eta, Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak duela aste batzuk esan zuen dekretu bidez onartuko zuela tasa. Eta hala egin dute, gaur. %28koa onartu du Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak, ezohiko batzarrean. Enpresa txikientzakoa %24koa izango da. 2007ari buruzko tasak dira. Astelehenean jarriko da indarrean dekretua.
Diputatuen Kontseilua EAJk eta EAk osatzen dute, eta EAJkoen sei ordezkarien baiezkoarekin onartu dute, gehiengoa dutelako. EAko laurek kontra bozkatu dute, ez zaielako modu ona iruditzen eta, Iñaki Galdosek esan duenez, "ziurtasun falta izugarria duelako ikuspegi juridikotik, eta etorkizunean eragin txarra eragin diezaioke Gipuzkoako enpresa arloari".
Araban eta Bizkaian aurten %28koa onartu dute (%32,6koa zen lehen, Gipuzkoan bezala), EAJren eta PPren babesarekin, eta Gipuzkoako EAJk tasa bera nahi zuen, "harmonizazio fiskala" lortzeko. "Euskadin harmonizazio eza saihestea du helburu gaurko erabakiak, bai zerga motatan, baita pizgarri fiskaletan, ondare-sozietateetan eta enpresa pribatuetan", esan du Olanok.
Dekretua "behin-behineko konponbide gisa" onartu dutela gaineratu du, eta "behin betiko akordioaren abiapuntu" dela.
EAk %30eko tasa nahi du, PSE-EEk ere bai, Aralarrek eta EBk %32koari eustea, eta PP ados da %28ra jaistearekin. EAE-ANV baliogabetu egi zuten Espainiako auzitegiek; ez du jaitsierarik nahi.
Miguel Buen PSE-EEren batzarkideak "eskandalutzat" jo du gaurko neurria, eta ondo ikusiko luke gaia auzitegietara eramatea.
Ekonomia
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak sozietateen gaineko %28ko tasa onartu du, dekretuz
EAJren ordezkarien botoarekin irten du aurrera neurriak, gaur. Markel Olano ahaldun nagusiak iragarri zuen modu hori erabiliko zutela. EA kontra azaldu da. "Behin-behineko konponbidea" da, EAJren ustez. PSE-EEk ondo ikusiko luke erabakia auzitegietara eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu