Sei milioi euroko "larrialdi plan bat" prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak "krisia hain larriki pairatzen duten enpresa txikiei" laguntzeko, Martin Garitano ahaldun nagusiak iragarri duenez. Irungo Ficoban egin ditu adierazpenak Garitanok, Gipuzkoa Saretzen egitasmoko topaketaren baitan.
Datozen egunetan aldundiak eragile guztiekin egingo ditu bilerak, eskualdez eskualde, zehazteko non inbertitu laguntza planeko dirua. Garitanok gogorarazi du, aurten, guztira, aldundiak 25 milioi euro jarriko dituela krisiaren kontrako planerako, ahul egon arren bideragarri diren enpresei laguntzeko. Aldi berean, gaineratu du Gipuzkoako Merkataritza Bazkundearekin ere "bete betean" ari direla lanean, Gipuzkoako enpresentzat nazioartean merkatu berriak bilatzeko. Enpresen esportazio maila handia lurraldearen izaeretako bat bihurtu dela nabarmendu du ahaldun nagusiak. Merkatu berrien bilaketa horretara hiru milioi euro bideratu ditu dagoeneko diputazioak.
Uda ostean martxan
Pedro Iturbe Gipuzkoa Saretzen egitasmoko arduradunak azaldu duenez, datozen bi-hiru hilabeteetan 100 enpresa gipuzkoar identifukatuko ditu aldundiak, "egoera ekonomiko kritikoan daudenak, baina bideragarriak izan daitezkeenak". Baina sei milioiko "larrialdi plana" ez da soilik 100 enpresa laguntzeko izango: "Identifikatzen ditugunean diagnostiko bat egingo dugu horientzat, baina horiez aparte gaitz orokor batzuk detektatuko ditugu, eta gabezia orokorrei erantzuteko laguntza berezi batzuk egongo dira".
Izan ere, Iturbek uste du lurraldean badirela gabezia orokor batzuk: teknologikoak, produktuari lotuak, finantzaketarena... Diagnostikoa egin ostean, uda eta gero, martxan jarriko dute "larrialdi plana", eta 100 enpresa laguntzearekin batera gabezia orokorrak konpontzeko erabiliko dituzte sei milioi euroak. Iturbek aitortu du, bestalde, aldundiak nahi lukeela Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren bitartez "larrialdi plana" indartzea.