1.027 milioi euroko zorra dute Fagor Etxetresnek, horietatik %2,4, 25 milioi euro alegia, Gipuzkoako Diputazioari. PSE-EEk eskatuta, batzar nagusietan agerraldia egin du Helena Franco Ogasun diputatuak diru hori berreskuratzeko aukerei buruz. "Diputazioko konkurtsoetako adituek esan digute oso zaila izaten dela diru guztia berreskuratzea, ia ezinezkoa", aitortu du.
Francoren esanetan, diputazioak administratzaile konkurtsalek finkatutako itxaron zerrendan atzekaldean jarri beharko du. Zehaztu du saiatuko dela ahalik eta diru gehien berreskuratzen, Fagor Etxetresnei ez baitie "tratu berezirik" emango. Dena den, nabarmendu du helburuak ezin duela soilik dirua bereskuratzea izan, "funtsezkoa" baita CNA taldeak enplegu eta lantegien jarraipen arloan hartutako konpromisoak betetzea.
Francorekin batera Xabier Olano Ogasun zuzendariak ere hartu du parte agerraldian. Azaldu du administratzaile konkurtsalek egindako txostenen arabera Fagor Etxetresnen aktiboa ez zela milioi batera iristen. CNA taldeak 42,5 milioi eskaini zituen enpresaren truke. "Logikoena da 43 milioi horiek pribilegio bereziko zorrak ordaintzeko erabiltzea".