Gipuzkoako egurgintzako mahaia osatu dute, hogei urteren ondoren

Patronalak proposatu du 2024tik 2027rako aldian soldata KPIaren arabera igotzea, eta sindikatuek ontzat jo dute.

Pago enbor meta bat. BERRIA
Pago enborren meta bat. BERRIA
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 20a
11:20
Entzun

Gipuzkoako egurgintza sektoreko lan hitzarmena berritzeko mahaia osatu dute. Duela hogei urte iraungi zen ituna, eta ordutik ez dute berritu. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek eta Adegik osatzen dute negoziazioa mahaia. LABen arabera, atzo bildu ziren, eta patronalak proposamen bat egin zien. Besteak beste, 2024tik 2027rako tartean soldata KPIaren arabera igotzea jasotzen du, eta 2023tik 2022ra bitarteko taulak eguneratzea, KPI guztien baturarekin. Hitzarmen horretan sartzen dira egurgintzarekin lotura duten arlo guztietako langileak, papergintzakoak izan ezik: 6.000 inguru guztira.

Sindikatuek «positibotzat» jo dute Adegiren eskaintza. «Azken batean, hiltzat jo nahi zuten hitzarmen bat biziberritzea dakar; hala ere, badakigu asko dagoela fintzeko», azaldu du LABek —sindikatu horrek du gehiengoa—.

ELArentzat —%37ko ordezkaritza du— «pauso» bat da, baina «harrituta» dago patronalaren proposamenarekin, «urteetan ez baitu urratsik egin eta ez baititu aintzat hartu sindikatuen aldarrikapenak». Gainera, ELAk ohartarazi du Adegiren proposamenak ez duela berme klausularik jasotzen, eta altzarien industriaren sektorea kanpoan uzten duela. 

Negoziazio mahaia apirilaren 9an bilduko da berriro. Gipuzkoako egurgintza sektorearen azken probintzia hitzarmena 2001ekoa da, eta 2003an amaitu zitzaion indarraldia. Ordutik, langileek ia %40ko galera metatua izan dute erosahalmenean. Enpresa askotan, lan harremanak beste hitzarmen batzuen bidez araututa daude gaur egun. Besteetan, Espainiako hitzarmena aplikatzen da, 2013. urtekoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.