Baikortasuna eta konfiantza handituz doaz Gipuzkoako enpresen artean, jarduera ekonomikoaren susperraldia gero eta gehiago hedatzen ari dela. Adegik koiunturaz maiatzean egindako inkestan, lurraldeko enpresen %80k adierazi dute dagoeneko lortu dutela suspertzea, edo espero dutela suspertze hori urtebeteko tartean iristea. Horrekin batera, hamar enpresatik bederatzik enplegua mantentzea edo handitzea espero dute.
Gauzak horrela, Gipuzkoako ekonomiarentzako urte honetarako hazkunde aurreikuspena %4,5 eta %6,5 artean kokatu du Adegik, eta kalkulatu du urtean zehar 3.000-3.500 enplegu garbi sor daitezkeela.
Batzuk, okerrago
Datu onekin batera, hala ere, zuhurtzia agertu du gaur Gipuzkoako patronalak, urteko batzar orokorraren berri emateko agerraldian. Hasteko, desberdintasunak handiak direlako sektoreen artean, Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak azaldu duenez: «Industriak, eraikuntzak eta enpresei zuzendutako zerbitzuek nabarmen hobera egin dute ia adierazle guztietan. Aldiz, kontaktu pertsonala behar duten zerbitzuek, esate baterako hotelek, komertzioak eta ostalaritzak egoera makurra bizi dute oraindik».
Sektore beraren barruan ere egoerak oso desberdinak izan daitezke enpresentzat. «Balio katearen edo enpresaren merkatuen egoeraren arabera, egoera guztiz alda daiteke, egun eguzkitsu batetik gau ilun beltz baterako aldea bezala». Ildo horretan, Aierzak zehaztu du enpresa txikiei gehiago ari zaiela kostatzen suspertzeari heltzea.
Datu onak
Edonola ere, gehien-gehienak ondo dabiltza. Gipuzkoako enpresen %76k uste dute berenmerkatuen egoera normaltasunezkoa edo berraktibaziozkoa dela. Uste hori, hori bai, zabalagoa da industria enpresetan (%84), eta murritzagoa zerbitzuetan (%59). Zerbitzuen barruan, gainera, aldeak oso handiak dira azpisektoreen irakurketan: enpresetako zerbitzuetan, merkatuen normaltasuna edo berraktibazioa antzeman dute enpresen %72k, baina kopurua %29,5ekoa da merkataritza eta ostalaritza enpresetan.
Salmentetan, batez besteko fakturazioa aurreko hiruhilekotik %0,3 handitu da (+%0,8 industrian, +%2,4 eraikuntzan, -%1,9 zerbitzuak). Eskari zorroetan, berriz, igoera %5ekoa izan da lehen hiruhilekoarekiko, eta hiru enpresatik bik diote eskari maila normala edo altua dutela. Pandemia aurreko, iazko urtarrileko ehuneko bera da, baina orain gehiago dira eskari maila altua dela dioten enpresak.
Suspertzearen beste adierazle bat produkzio gaitasunaren erabilera da, eta Gipuzkoako enpresen artean %80ra hurbiltzen ari da. Zerbitzuak daude horren azpitik, eta batez ere komertzioa eta ostalaritza, zeinetan establezimendu asko gutxieneko jardueran ari diren edo itxita dauden oraindik.
Kezka lehengaiekin
Enpleguaren inguruan ere baikor agertu dira enpresa gehienak. %66,5ek aurreikusten dute lantaldean aldaketarik ez egitea, eta %24k langile kopurua handitzeko asmoa dute.
Enpresek dituzten kezketan zabalduena Espainiako ekonomiaren ahuleziaren ingurukoa da oraindik ere, nahiz eta asko txikitu den aurreko inkestatik. Kezken zerrendan bigarrena kokatu da lehengaien hornikuntza eta prezioa. Jose Miguel Aierzaren arabera, lehengaien eskasia orokorra bada ere, erdieroaleak «arazoa izaten hasi dira. Batez ere automobilgintzak pairatzen du, baina industriak oro har, digitalizazioarekin txip horiek hainbat prozeduratan erabiltzen direlako. Ikusi beharko dugu hurrengo hilabeteetan nolakoa den bilakaera, entzuten ari galerako enpresa batzuk gelditzen ari direla erdieroaleen gabeziarengatik. Agian hurrengo aste edo hilabeteetan Gipuzkoako enpresaren batek geldialdi bat egiteko beharra izan dezake».
Bestalde, Adegiren batzar orokorrak zuzendaritza kontseilua berritu du, eta Eduardo Junkeraren bigarren agintaldia hobetsi. Junkerak azaldu du Adegi gogoeta estrategikoa abiatzear dela etorkizuneko erronkei heltzeko.