Lan gatazka

Gipuzkoako eraikuntza obra handietan "iruzurra" egiten ari dela salatu du ELAk

Anoeta, errauskailua, Txomin Enea, AHT, eta Deskargako obrak aztertu ditu sindikatuak. "Esplotazioa, segurtasun eza, ordaintzen ez diren ordu estrak, hamabi orduko lanaldiak, eta urte askoan oporrik gabe aritzen diren langileen kasuak" atzeman ditu ELAk.

Jokin Aperribai, Eneko Goia eta Markel Olano, Anoetako lan hasierak ikuskatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko urriaren 19a
19:07
Entzun

Iruzur honek jarraitzen badu obra handiak geratuko ditugu". Igor San Jose ELAko Gipuzkoako eraikuntzako arduraduna argi eta garbi esan du. ELAk "iruzurraren frogak" dauzkala erantsi du, legea ez dela errespetatzen ari, eta Gipuzkoako obra handietan "iruzur orokortua" dagoela. Anoetaren zaharberritzearen moduko lanetan, "azkar eta merke" egitea lehenesten dutela erakundeek, eta lan horiek egiten dituzten langileen eskubideak etengabe urratzen direla dio San Josek. Obra horiek guztiak diru publikoarekin egin ari direla gogoratu du, baina, hala ere, ez dela Gipuzkoako Eraikuntzako ituna errespetatzen ari. 2009ko hitzarmena da indarrean dagoena, ultraaktibitate onartuari esker, baina enpresa handien azpikontratazio politikak errazten du hura ez errespetatzea. "Hitzarmena ez, langilearen estatutua bera ere ez dira errespetatzen ari", esan du ELAko kideak.

Eraikuntzan "langileen trafikoa" gertatzen ari dela azaldu du. "Brasilgoak Portugalera doaz, Portugalgoak Galizara, eta Galizakoak Euskal Herrira". Kontua da Gipuzkoan hitzarmena errespetatu behar dela, are gehiago administrazioek egiten dituzten adjudikazioetan. Hor daude EH Bildu foru gobernuan zela onartu ziren klausula sozialak, "oraindik ere indarrean". Errealitatea oso bestelakoa da, ordea. "Txomin Enean 200 behargin ari dira, horietatik 170 atzerritarrak; orduko 5,5 euroko soldata jasotzen ari dira, itunak finkatzen duenaren %60tik behera. 7:30ean hasi eta 21:30ean bukatzen dute askok". Deskargako obra, berriz, autonomo faltsuekin egiten ari dela dio San Josek, aste batean 50 ordu eta 150 egin ditzaketela. "Kontratu partzialak ere egiten dituzte, baina hamabi orduko lanaldiak egiten dituztenentzat. Ohian bat da".

Anoeta estadioa

Anoeta estadioaren zaharberritzeari buruz ere, ELAk salaketa larria egin du. "70 milioi euro balio zuen obra 50 milioi eurotan adjudikatu dutela" dio sindikatuak. Lan zehatzen tarifak landu dituztela, eta Eneko Goia alkateari ere erakutsi dizkiotela kontatu dute. Obra hori egiteko ABEE bakarra presentatu dela dio Igor San Josek, eta normalean bederatzi bat aurkezten direla, eta hori izan dela 50 milioiko aurrekotu hori ez delako benetazkoa. "Iruzurra dago Anoetan, eta zaharberritzea egiten duten langileek ordainduko dute".

Errauskailuan bertako enpresa handiak egiten ari direla gogoratu dute, halaber, ELAko kideek, baina haiek azpikontratatu egiten dutela "ia dena, eta enplegu prekarioak hartzen du enplegu duinaren lekua". ELA obra horitara joan dela, eta joaten jarraituko duela esan du, eta ez duela onartuko beharginak orduko 5 euroren truke lan egiten egotea. AHTan ere, administrazioa "beste alde batera begira" dagoela dio sindikatuak, ahal den azkarren egin nahi dutela, eta "ohian hutsa dela" hura ere. Obra horri dagokionez, lan ikuskaritzan eta epaitegietan egindako salaketa guztietan sindiaktuari arrazoia eman diotela gogoratu du eraikuntzako arduradun Igor San Josek. "Lau urtez jarraian oporrik hartu gabeko langileak egon dira; hori frogatua dago. Urtean 500 edo 700 ordu estra sartzen dituztenak ere bai. Desastre hutsa da".

5.000 lanpostu sortzeko aukera

Obra sonatu hauetan, guztietan, Gipuzkoako itun sektoriala aplikatuko balitz, 5.000 lanpostu sortuko liratekeela kalkulatu du sindikatuak. "Nahikoa da; ELAk frogak erakutsi ditu, eta erakundeen agerraldiak nahi ditu auziari buruz hitz egin dezaten. LHKren agerraldia ere eskatu dugu. Eraikuntzako lan ituna indarrean da; 2009koa da, baina indarrean da, eta Gipuzkoan eraikuntzan aritzen diren behargin guztiei aplikatu behar zaie, are gahigo obra publikoan". Sindikatuko ordezkarien bileran erabaki dute ez dutela beste aldera begiratuko, eta grebara deitzea ere ez dutela baztertzen. "Obra handi horiek gelditzera joango gara beharrezkoa bada; honek ezin du jarraitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.