LAN GATAZKA

Gipuzkoako errepideen mantentze lanez arduratzen diren langileek greba mugagabera joko dute

UTE Miramon 2014, UTE Goierrialdea eta UTE Urola-Deba enpresetako batzordeek salatu dute sektorearen egoerak okerrera egin duela azken boladan, zerbitzuak gero eta merkeago adjudikatzen direlako. Martxoaren 1ean ekingo diete lanuzteei.

Salatu dute sektorearen egoerak okerrera egin duela azken boladan. OIHAN VITORIA
Oihan Vitoria.
2016ko otsailaren 24a
07:15
Entzun

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren inguruan dituzten desadostasunak direla eta, bigarren mailako errepideen mantentze zerbitzuko langileek greba mugagabeari ekingo diote datorren asteartean. UTE Miramon 2014, UTE Goierrialdea eta UTE Urola-Deba enpresetako 95 beharginak daude lanuzteetara deituak: sei urte daramatzate soldata izoztuekin, eta sektorea arautzea nahi dute.

Autobideei izan ezik, lurraldeko errepide gehienei (%80ari) eragingo die grebak, tartean N-1ari; geldialdi elektrikoa, berriz, errepide sare osoan nozituko da. Gutxieneko zerbitzuak hitzartu dituzte, hori bai, gidariei ahalik eta eragozpen apalenak sortzeko: asteburuetako zerbitzuei eusteaz gain, larrialdietan (luizi eta istripuetan, esaterako) eta neguko plan berezia ezartzerakoan berdin-berdin jardungo dute.

Zerbitzuetako adjudikazioak geroz eta prezio baxuagoetan egiten direla salatu dute langileek, eta horrek larrialdi egoeran jarri duela azpikontratetan oinarritutako sektorea. Diputazioak berak onartu die enpresak "estu" dabiltzala, adjudikazioak inoizko prezio baxuenetan bereganatu baitituzte. Hori dela eta, soldata igoerak, gehigarriak eta lan erreformaren kontrako klausula duinak bermatzea galdegin dute, baina enpresek "bizkarra" eman diete. "Hitzarmenak lortzea izan da gure nahia, baina negoziatzeko tarterik ez dutela esan digute bildu garen bakoitzean", jakinarazi du ELAko ordezkari Manu Tenak; sindikatuak gehiengo du sektorean.

Zer egiten dute?

Besteak beste, errepideen garbiketa eta mantentze lanak, errepideetako gertakarien artapena, neguko errepide planen ezarpena, abisu eta gertakarien kudeaketa, arlo guztietako mantentze elektrikoa eta tunelen zaintza daude hiru enpresotako langileen eginkizunen artean. Baina Gipuzkoako Diputazioaren menpe egon arren, ohartarazi dute ez dietela inolako irtenbiderik proposatu. Sostengu falta antzeman dute: "Arrazoia eman digute, baina besterik ez: euren eskumenetatik harago doala diote". Gatazka negoziazioaren bidetik konpontzea espero du diputazioak. Martxoaren 1ean hasiko duten greba mugagabearen atariko, elkarretaratzera deitu dute langileek etzirako: Gipuzkoa Plazan egingo dute protesta, diputazioaren egoitzaren parean, 11:00etatik 12:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.