Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur iragarri du Aldundiak ez duela Aurrezki Kutxen Lege berriaren aurkako helegiterik sartuko, "eskumen aldetik ez dagoelako esku-hartze garbirik", baina Bilduk proiektuaren negoziazioan parte hartu beharko lukeela eskatu du, nahiz eta Eusko Legebiltzarrean ordezkatzarik ez duen.
Garitanok esan du legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak ez duela EAEko gizartea ordezkatzen, ezker abertzaleari ez ziotelako hauteskundeetara aurkezten utzi, eta Aurrezki Kutxen erreformari buruz hitz egitean hori kontuan hartzeko galdegin du. "Irekita gaude, baina parte hartu nahi dugu", azaldu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Arabako Aldundiak ere helegiterik ez sartzea erabaki du. Bizkaikoak atzo iragarri zuen sartu egingo duela.
Javier Rojok Bizkaiko Aldundiari egotzi dio "Jaurlaritzaren kontrabotere" bezala ari dela jokatzen
Javier Rojo Arabako PSE-EEko buru eta Espainiako Senatuko presidenteak Jose Luis Bilbao (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusiari egotzi dio "Eusko Jaurlaritzaren kontrabotere" bezala ari dela jokatzen, Bizkaiko Aldundiak Aurrezki Kutxen Lege berriaren aurkako helegitea sartu duela eta. "Ez da zuzena jarrera hori, leiala ez dela ez deitzearren", esan du Rojok gaur, Radio Euskadin.
Atzo Jaurlaritzak ere salatu egin zuen Bilbaoren erabakia, helegiteak BBK, Kutxa eta Vitalen arteko bateratzea "arriskuan" jarriko duelakoan. Aldiz, Bilbaok gaur esan du helegiteak ez diola eragingo bat-egiteari.
Rojok adierazi du Bilbaok "lehen minututik" ez zuela Patxi Lopezen (PSE) gobernua aitortu, "eta egunero ari da ezbaian jarri nahian". Bizkaiko Aldundiak erantzukizunez jokatu beharra du, Senatuko presidentearen aburuz, "euskal herritarren gehiengoak nahi izan zuelako baitago Jaurlaritza hau. 30 urteren ondoren EAJ gobernutik atera bazen, ikaragarri gaizki egin zuelako izan zen. Gobernu honek zilegitasuna du, eta aurrekoa baino askoz hobea da".
Aurrezki Kutxen Legearen erreformak, funtsean, moldaketaren tramitea geldituko du, arbitratze batzordeak arrazoia nork duen erabaki arte. Foru eskumenak urratzen dituela argudiatu du Bizkaiak helegitea justifikatzeko. Lege proiektuaren 41. artikuluak Gernikako Estatutuaren 37. artikulua urratzen duela uste du Bizkaiak. Hain zuzen ere, lurralde historikoek batzarretan duten ordezkaritza Batzar Nagusiek finkatuko dutela dio artikulu horrek. "Eusko Legebiltzarrak ezin du erabaki zein foru erakundek izendatu behar dituen herrialdeko ordezkariak kutxetako batzarretan, ezta zein irizpide erabili behar dituen ere", Juan Mari Aburto aldundiko bozeramailearen hitzetan.