Iaz 50 milioi euroko likidazio negatiboa izan zuen Gipuzkoako udalen finantzaketarako funtsak (UFFF), eta aurten 22,7 milioikoa, "askoz arinagoa", Itziar Miner Zerga politikako zuzendariak nabarmendu duenez. Gaur goizean batzarra egin dute Gipuzkoako alkateek Ogasun arduradunekin. Diru hori nola itzuli adostu behar zuten. "Ez gara gehiegi atzeratzearen aldekoak", esan du Minerrek. Itzulketa 2013an egitearen aldeko direla ere zehaztu du.
Udalek euren finantziazioa egitean kontuan hartu beharko dute, halaber, Gipuzkoako Diputazioak eta Espainiako Gobernuak dituzten desadostasunak kupoaren inguruan. Atal horretan 10,5 milioi euro daude jokoan, eta horren berri eman diete Diputazioko ogasun arduradunek alkateei, euren aurreikuspenetan kontuan har dezaten.
Bestalde, opor fiskalen inguruan hartutako neurriek 2,3 milioi euro eraman dituzte funtsara, eta udalek horietan parte hartzea izango dute.
2013ko aurreikuspenak ere mahai gainean daude gaurko batzarrean. Funtsaren kopurua finkatua dago jadanik; positiboa izango da aurtengoarekin alderatuz, udalek 19, 2 milioi gehiago jasoko baitituzte 2013ko aurrekontuetan. "Zerga bilketaren bilakaera hobea espero dugu 2013rako, eta beraz, mezu positiboa da hau". Kopuru horretan Martin Garitano ahaldun nagusiaren "konpromisoa" jasorik dago, aurten udalen finantziazioa puntu erdi igotzeko eta datorren urtean beste puntu erdi bat. "Bi urtean zazpi milioi gehiago jasoko dituzte udalek konpromiso horri esker", azaldu du Minerrek.
Beraz, 2013ko UFFFren igoera %5,13koa izango da bi osagairi esker; batetik, funtsaren kalkulurako portzentaia handitu egin delako (%0,7); eta bestetik, zerga erreformak ekarriko duen zerga igoerarengatik (%4,4).
Bizkaian, berriz, Aldundiak zehaztu du Udalkutxa funtsak aurten 747,1 milioi euro izango dituela, aurrekontuetan kalkulatu zutena baino 29 milioi gutxiago. Horixe da, hain zuzen ere, udalek diputazioari itzuli beharko diotena. Datorren urtean 727,5 milioi euro izango ditu Udalkutxak, 2012ko azken emaitza baino %2,6 gutxiago (19 milioi). Zerga bilketa 400 milioi euroan handituko dela kalkulatu du Finantzen Euskal Kontseiluak, baina erakunde batzuk gutxiago gastatu ahal izango dute, beren gehienezko defizita mugatu dielako Espainiako Gobernuak: BPGaren %0,7koa izango du Jaurlaritzak (%1,5) aurten, eta %0koa foru aldundiek.