Lehen sektorea

Gipuzkoako hamar emakume baserritarretik bakarra dabil modu profesionalean

Belaunaldi arteko erreleboa kolokan dago: hamar emakume baserritarretik bi dira 40 urtetik beherakoak. Martxoaren zortzian greba egiteko deia egin die EBELek sektoreko emaumeei.

Gipuzkoako EHNEko eta EBELeko kideak, gaur, Donostian. JON FERNANDEZ
Jon Fernandez.
2018ko martxoaren 2a
14:04
Entzun

Lehen sektorean ordaindu eta aitortu gabeko lan asko egiten dute emakumeek. Ondorio nagusi hori atera du EBEL Emakume Baserritarren Elkarteak. Gipuzkoako emakume baserritarren errealitatea aztertu du EHNE sindikatuko elkarteak, lurraldeko Foru Aldundiko Berdintasun Sailak emandako diru laguntza batzuen bidez. Lehen sektoreko emakumeen egoera "aldrebeskeria" hutsa dela ondorioztatu dute. Edonola ere, EBELen ez dira harritu azterketak ateratako argazkiarekin.

Azaldu dutenez, hamarretik emakume bakarra da baserritar profesionala, nahiz eta hamarretik zazpik egiten duten lan baserrian. "Hamar horietatik lauk baserritik kanpo egiten dute lan, eta ondoren, baserriko lana ere egiten dute".

Baserriko lanorduak ere neurtu dituzte. Emakume baserritar profesionalak astean 51,5 ordu egiten ditu lan. Baina, soldata baserritik kanpo irabazten dutenek ere gero lan egiten dute baserrian, eta guztira, astean 50,1 ordu egiten dituzte lan: 37 ordu kanpoko lanean, eta 13 ordu baserrian. Areago, erretiratuta dauden emakumeek ere jarraitzen dute baserrian beharrean, eta horiek astean 16,4 ordu egiten dituzte.

Ustiategietako titulartasunari dagokionez, hamar emakumetatik seik daukate baserriaren titulartasuna. Baina horrek ez du errealitatea islatzen, hamarretik emakume bakarra ari baita profesionalki lanean baserrian. Gainontzeko kasuetan, emakumearen izenean jartzen da baserria, "bikotea erretiratuta egonda komeni zaielako emakumearen izenean jartzea, edo errentaren gorabeherengatik".

Erreleboa, hari batean

EBELeko kideek nabarmendu dute arriskua dagoela emakume baserritarren belaunaldi erreleboa hausteko. Izan ere, 50 urtetik gorakoak dira hamar emakumetik sei, eta 80 urtetik gorakoak hamarretik bi. "Belaunaldien arteko erreleboa behar-beharrezkoa dela erakusten du datu horrek".

Halaber, bada emakumeen bizkar gainean erortzen den beste zama bat ere, zaintzarena. Esate baterako, menpeko pertsonak bizi diren baserrietako familien %80tan emakumeak arduratzen dira zaintza lanaz, EBELen azterketaren arabera.

Datuok eskuan izanik, EBELek eta Gipuzkoako EHNEk administrazioari eskatu diote emakume baserritarrek ekonomikoki eta sozialki egiten duten lana errekonozitzeko, eta neurriak hartzeko egoeari beulta emateko. "Denon esku hartzea behar du egoera honek, eta ikerketak erakutsitako argazkiaren aurrean inork ezin du beste aldera begiratu".

Bestalde, EBELek bat egin du datorren martxoaren 8rako deitutako greba feministarekin, eta egun horretan planto egiteko dei egin die sektoreko emakumeei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.