Ekonomia

Gipuzkoako ile apaindegientzako lan itunaren aurreakordioa sinatu du ELAk

Besteak beste, %9,94ko soldata igoera jasotzen du akordioak

Ileapaindegi bat, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2016ko uztailaren 26a
08:29
Entzun

Ile apaindegien eta estetika zentroen sektorean 4.000 langiletik gora dabiltza beharrean Gipuzkoan, eta sektorean ELAk dauka ordezkaritzaren %100. Bada, sindikatuak iragarri du lan hitzarmenerako akordiorako oinarria sinatu duela. "Horren bidez, sektoreko lan baldintzak berrituko dira, eta negoziazio kolektiboaren erreformen ondoriorik txarrenak alde batera utziko dira". 

Aurreko hitzarmenaren indarraldia 2007an agortu zen, eta harrezkero izoztuta izan dituzte soldatak langile askok. 2013ko uztailetik aurrera, gainera, Gipuzkoako ile apaindegietako kontratazio berri askori Espainiako ileapaindegien hitzarmen estatala aplikatu izan zaie. Kasu horretan, 11.700 euroko soldata izan dute urtean, Gipuzkoako hitzarmenak jasotako 12.900 euroko soldata baino 1.200 euro txikiagoa. 

Itun berria 2008tik 2016ra bitartean egongo da indarrean, soldatak %9,94 igoko ditu, eta 2008tik izandako atzerakinak jasoko dituzte beharginek. "Aldi osoan soldata igoerarik izan ez duten langileentzat atzerakinak 6.500 eurokoak izango dira erdi mailako kategorian", azaldu du sindikatuak. 

Aurrera eragin mugatua izango du hitzarmen berriak, eta ituna edo haren punturen bat baliogabetzeko bi alderdien arteko adostasuna beharko da. Langileen malgutasunari muga batzuk ere jarri dizkiote, "lanaldiaren banaketa irregular gehiago eragotzita". Gainera, "egitura ordu osagarriak finkatzeko formula bat jaso da, eta orain arte sektorean izan ez den garraio plusa gehitu da". 

Aurrerapausoa

ELA "pozik" agertu da "hemengo errealitate sozioekonomikoarekin lotuago dauden sektore akordioak sinatzeagatik". Nabarmendu du erreformak alde batera uztea lortu dutela, eta soldata igoerak KPIra lotu dituztela. Soldata igoerak bizi kostuaren igoeraren araberakoak izatearen garrantzia azpimarratu du sindikatuak.

Hitzarmena berritu ez duten Gipuzkoako langile guztiak euren burua antolatzera bultzatu nahi ditu ELAk, "akordio onak denon eskura daudelako".  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.