Hiru urte eta erdiko lanaren ondoren, gaur inauguratuko dute Ficoba, Euskal Kostaldearen Nazioarteko Erakustazoka, Irunen. Gipuzkoako lehen erakustazoka da, baina Nafarroakoa eta Lapurdikoa ere izan nahi duela azpimarratu dute bultzatzaileek.
Erakustazoka Irungo Iparralde hiribidean dago, Gipuzkoako bigarren hiria eta Hendaia elkartzen dituen Santiagoko zubiaren ondoan. Europako Batasunean merkatu bakarra ezarri arte 1993ko urtarrilaren 1a, TIR kamioientzako aduana zegoen orain erakustazokak beteko duen lekuan.
Guztira, 70.200 metro koadroko eremua du Ficobak. Aldi berean lau erakusketa egiteko aukera ematen du Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek diseinatutako eraikinak: bana barruan dituen hiru pabiloietan 2.075,1.615 eta 1.150 metro koadrokoak eta beste bat kanpoaldean 7.500 metro koadrokoa.
Horrez gain, prentsa aretoa, bilera gelak, 392 lagunentzako auditorio bat, Iñaki Izagirre sukaldariaren jatetxea eta katefegia ere biltzen ditu Ficobak. 25 metroko dorre bat ere badu, barruan ikusgai dauden erakusketen berri emateko bereziki prestaturik.
Irungo Udalak bultzatuta
Ficobak 21 milioi euroko kostua izan du. Haietatik 11 milioi lan zibiletan gastatu dira, hiru milioi inguru urbanizazioan eta gainerakoak ekipamenduetan. Dirutza horretatik, Irungo Udalak jarri du gehien, 7,3 milioi euro zehazki. Honako hauek ere dirua jarri dute: Gipuzkoako Foru Aldundiak (2,4 milioi), Europako Batasuneko Feder funtsak (1,8 milioi), Eusko Jaurlaritzaren Izartu egitasmoak (milioi bat) eta Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak (60.000 euro). Epe laburrerako banku finantzaketari esker, 1,75 milioi euro eskuratu dira, eta gainerakoa kapital zabalkuntzen edo bankuen finantzaketaren bidez estaliko da.
Ficoba fundazioak kudeatuko du erakustazoka. Horretan hauek parte hartuko dute: Irungo eta Donostiako udalek, Bidasoako Erakustazoka S.A.k, Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak. Baionako Merkataritza Ganberak, BAM Mankomunitateak, Adebisak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere jaso dute parte hartzeko gonbita.
2006. urtetik aurrera urtero bost milioi euro inguruko fakturazioa izatea espero du Ficobak. Erakustazokaren onurak, ostera, Bidasoa-Txingudi eskualde osora hedatuko direla espero dute bultzatzaileek. Horrela, eremua alokatzea fakturatutako euro bakoitzeko, eskualdeak zortzi euroko diru sarrerak izango dituela uste dute. Ficoban bertan 20 lagunek egingo dute lan, baina zeharkako beste ehun lanpostu ere sortuko dituela espero dute.
Erakustazoka gaur inauguratuko dute ofizialki, Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta beste agintari batzuek. Jendearentzat, berriz, bihar goizeko 10:00etan zabalduko dute, eta gastronomia erakusketa izango da.
Asteburu osoan zenbait ekitaldi antolatu dituzte Ficobari ongietorria egiteko. Ostiral goizean, Baiona-Donostia eurohiriari eta mugaz gaindiko lankidetzari buruzko hitzaldia izango da, gastronomia erakusketa gero eta bi mahai-inguru horietako bat euskaraz arratsaldean. Funtsak taldeak irudiak, musika, margoa eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du.
Gipuzkoako lehen erakustazoka gaur inauguratuko dute, Irunen
Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazoka (Ficoba) Baiona-Donostia eurohirirako eta Nafarroa iparralderako erreferentzia gune izateko asmoz eraiki dute, Santiago zubiaren ondo-ondoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu