Ekonomia

Gipuzkoako Merkataritza Ganbera: "Adegiren proposamena ez da aurrera aterako, adostua ez bada"

Gipuzkoako Merkataritza Ganberak espero du lurraldeko ekonomia %1 inguru haziko dela aurten. Kanpo merkataritzak bultzatuko du "susperraldi motela"

Pedro Esnaola.
Jon Fernandez.
2014ko urtarrilaren 29a
15:07
Entzun

2014a iazkoa baino "urte hobea" izango delakoan dago Pedro Esnaola Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea. Baina ñabardura bat egin du, "hobea izango da, baina susperraldia motela izango da". Hau da, Gipuzkoako BPGa aurten %1 inguru haziko dela aurreikusten du, baina gogorarazi du hazkunde hori ez dela nahikoa izango langabezia tasak jaisteko. "Langabeziaren arazoa ezin da konpondu %1,3tik edo %1,5etik beherako hazkundearekin". Lan harremanen inguruko egungo gatazkari buru ere berba egin du Esnaolak. Mundua "ziztu bizian" aldatzen ari dela eta enpresek eta lan harremanek ere aldatu behar dutela azaldu du, eta beraz txalotzekoak direla proposamen berriak. Hala ere, argi dauka: "Adegiren proposamena ez da aurrera aterako, alde guztien artean adostua ez bada".

Europako Enpresen Prespektiba Inkestatik ateratako datuetatik ondorioztatu du Bazkundeak Gipuzkoako ekonomiak "hobekuntza txiki bat" izango duela kanpoko merkataritzari esker. Europako 60.000 enpresaritik gora elkarrizketatu dituzte inkesta osatzeko. Datu horien arabera, susperraldi fasearen hasieran daude Gipuzkoa eta EAE, baina oraindik asko falta da hazkunde fasera iristeko. 

Gipuzkoaren egungo argazkia zein den ulertzeko, krisi urteotan izan duen bilakaera aztertu beharra nabarmendu du Esnaolak. Datu adierazgarri batzuk eman ditu: 2007tik 2013ra 2.127 enpresa gutxiago daude lurraldean (%9,6ko beherakada), 2010ean langabe bakoitzeko 10 kotizatzaile zeuden eta orain sei baino ez (%13,2ko langabezia tasa du Gipuzkoak, Hegoaldeko txikiena), eta bankuek pribatuei emandako kreditu kopuruak ere nabarmen egin du behera azken bost urteetan 2013 amaieran joera aldatzen hasi bazen ere. 

Barne merkatuak, iaz bezala, lo jarraituko duela iragarri du Esnaolak, eta beraz esportazioei esker igoko da %1 inguru BPGa. Esportazioen helmugak aldatzeko egindako lana nabarmendu du Gipuzkoako Bazkundeak, izan ere, 2007tik 2013ra konpainia gipuzkoarrek indartu egin dute euren presentzia Hego Amerikan (Brasilen), Ipar Amerikan (AEB eta Mexikon) eta Asian (Txinan eta Turkian) batez ere. 

Sektore ekonomikoei dagokienean, industriaren arloa da baikortasuna indartzen duen sektore nagusia. Iaz jada datu positboak izan zituen, gainontzekoek ez bezala. Merkataritza sektorea ere baikorra dela azaldu du Bazkundeak, ez ostera Gipuzkoako eraikuntza eta zerbitzu sektoreak. Esnaolaren arabera, produktuan zentratzea eta enpresek kreditua berreskuratzea dira hazkundearen garaira iristeko bi zutabe nagusietakoak, eta "mundu berrira moldatzeko aldaketak" eskatu ditu. "2007an munduko hazkunde eta esportazioen liderren artean sartu ginen krisira, eta orain ateratzen ari gara, baina azken postuetan kokatuta gaude. Sartu ginena baino okerrago ateratzen ari gara". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.